Iurretako futbol taldea Lehentasunezko Mailara jaitsi da

Anboto 2024ko mai. 27a, 09:30

Iurretakoren hamaikakoa aurtengo partidu batean. (Argazkia: Luis Iturrioz)

Getxon lortutako binako berdinketa ez da nahikoa izan Ohorezko Mailari eusteko.

Ohorezko Mailak hainbat urtetan bidelagun izan zuen kide bat galdu du aurten. Iurretakok maila galdu du asteburuan eta Lehentasunezko Mailan arituko da hurrengo denboraldian. Iurretako garaipen beharrean eta beste emaitzen menpe joan zen Getxora. Beste emaitzei erreparatu aurretik bere norgehiagoka irabazi behar zuen eta ez zen horrelakorik gertatu. Partidua binako berdinketarekin amaitu zen. Iurretakok lehenengo zatian hartu zituen bi golak. Bigarrenean hil ala bizi irten zen eta azken txanpan Iker Arroitajauregik eta Iker Herrerok sartutako golei esker partidua berdintzea lortu zuen, baina bigarren gola heldu zenerako —94. minutua— partidua amaitzear zegoen.

Martxoan, zuloan zegoela, emaitza bolada on bat kateatu zuen Iurretakok —lau garaipen eta berdinketa bat— baina horren ostean hiru porrot heldu ziren eta, ondorioz, estu heldu da azken partidura.

Hurrengo denboraldian eskualdeko lau talde arituko dira Lehentasunezko Mailan: Iurretako, Abadiño, Elorrio eta Zaldua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!