Zapatuan poesia errezitaldi musikatua egingo dute Iurretako Abadetxean. Elena Olave durangarrak Keinura itzuli bigarren poema bildumako lanak aletuko ditu, Matxalen Erzilla musikari durangarraren laguntzagaz. Idazleak 2022an kaleratu zuen Keinura itzuli poesia liburua, Susa argitaletxeagaz; 57 poema labur ditu eta errenkadan daude idatzita, ataletan banatu barik. Olavek Julene Azpeitia saria irabazi zuen 2015ean, Ane Inventarium liburuagaz, eta gero, 2019an, Zeldak. Gorputz honetatik (Balea zuria) poesia liburua kaleratu zuen. Matxalen Erzilla musikari durangarrak biolontxeloa jota girotuko ditu Olaveren poemak.
Datorren asteetarako ekitaldi gehiago iragarri dituzte. Maiatzaren 31n Peru Magdalenak bakarrizketa egingo du, eta Usue Egiak Marrazwine ekimena egun bat geroago; 12:00etan egingo dute, eta bertaratu aurretik izena eman beharko da Abadetxearen Instagram kontuaren bitartez.