Iurretan bi milioi eurotik gora inbertituko dituzte azpiegituren hobetzean eta jasangarritasunean

Aitziber Basauri 2024ko mai. 20a, 09:23

Hiru proiektu finantzatzeko kreditu gehigarria onartu dute azken udal osoko bilkuran. Diru kopuru handiena Bidebarrieta kaleko urbanizaziora bideratuko dute, 1.695.000 euro.

Iurretako Udalak bi milioi eurotik gorako kreditu gehigarria onartu du azken osoko bilkuran, azpiegituren hobetzean eta jasangarritasunean aurrera pausoak ematen jarraitzeko. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, "iurretarren bizi kalitatea hobetuko duten" hiru proiektu finantzatuko dituzte.

Diru kopuru handiena Bidebarrieta kaleko urbanizazio lanen lehen faseak eramango du; hain zuzen ere, 1.695.000 euro. Argitu dutenez, kale horretako irisgarritasuna hobetuko da eta oinezkoentzako espazioa 1.100 metro koadroan handituko da inguru horretan.

Ertzilla eta Mallabiena industrialdeko lurretan, udal-titulartasuna duten kanpo-argiztapeneko instalazioetan ere inbertituko da. Horien eraginkortasuna berritzeko eta hobetzeko neurriak hartuko dituztela azaldu dute udal ordezkariek, "horrela, inguru horretako energia-eraginkortasuna hobetuz". Azkenik, udal ibilgailu elektriko hibridoa erosiko du udalak. Hartara, "mugikortasun jasangarrian eta garraioaren deskarbonizazioan pausoak emateko".

Oskar Koka alkateak diruzaintzako gerakinen kontura finantzatu beharreko proiektuen garrantzia azaldu du: "Udalak ekonomia onbideratua du, eta iurretarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gure udalerriaren beharretara egokitzeko proiektuetan lanean jarraitzeko aukera ematen digu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!