“30 urte lanean daraman profesionalak egiten duena egin gura dugu lehenengo egunetik, eta hori ezinezkoa da”

Aritz Maldonado 2024ko mai. 11a, 10:30

Eñaut Aiartzaguena iurretarrak ia bizitza osoa darama marrazten, eta azken urteetan profesionalki horretara dedikatzeko aukera izan du, gainera. Oraintsu, 'Akuarelak aire zabalean' liburua kaleratu du, UEUren eskutik. Helduentzako ikastaroak ere ematen ditu. Hurrengoa maiatzaren 25ean, Iruñean.

Nondik dator liburuaren ideia?
Orain hiru bat urte hasi nintzen uztartzen nire afizioa, mendizaletasuna, eta nire lanbidea, margolaritza. Mendira akurelak eta koardernotxo bat eramaten hasi nintzen. Afizio modura hasi zena nire arlo profesionalean ere sartu nuen, abanikoa zabaltzeko asmoz. Neure kabuz ikasten hasi nintzen, teknika, materialak eta abar. Handik urtebetera edo, lehenengo ikastaroa eman genuen, Urkiolako parketxean. Materiala pilatzen eta teoria biltzen hasi nintzen. Harrezkero beste hainbat ikastaro eman dut, baina beti umeei. Halako batean, horrelakoak nagusientzat ere badirela pentsatu nuen, eta helduentzako ikastaro bat egitea proposatu nion UEUri. Onartu egin zuten eta buru-belarri hasi nintzen prestatzen: liburuak irakurtzen, ikaste prozesua ordenatzen, zelan erakutsi begiratzen, apunteak prestatzen... Apunte horiek prestatzen nenbilela pentsatu nuen liburua egitea: marrazki hau oso ondo dago, hau argitaratu egin behar da. Esango nuke ez dagoela horrelakorik euskaraz. Gaztelaniaz bai, ingelesez ere bai, baina euskaraz oso gauza gutxi dago argitaratuta. UEUra jo nuen gomendio bila, nogaz argitaratu nezakeen galdetzera, eta eurek egitea proposatu zidaten. Eurek egin zituzten zuzenketak, eta ikasleek egindako ekarpenak ere gehitu zituzten. Niretzat sekulako oparia izan da hau, oso eskertua nago.

Liburuak aurkezpenak ere erraztuko dizkizu.
Akuarelen munduan sartu gura duen edozeinen eskura dagoen liburua da, eta euskaraz dago gainera. Irakurrita bakarrik inork ere ez du marrazten ikasiko, marraztea marrazten baino ezin delako ikasi, ez dago bidezidorrik. Eta aukera hori euskaraz edukitzea polita da. 

Akuarelan espezializatu zara.
Komiki estiloko beste lanekin ere jarraizen dut, baina azken hiru urteetan asko ikasi dut. Orain hiru ipuin ilustratzen ibili naiz, adibidez. Azken hilean akuarelak apur bat alboratuta izan ditut, lan kargagaitik, baina ez guztiz. Arratsaldeetan klaseak ematen ditut Zornotzako Estudio 2 akademian. Denerik erakusten da bertan, baina akuarela eskolak neuk ematen ditut. Teknika desberdinak probatzen ibili naiz, material desberdinak. Jardunean lortzen da espezializatzea. 

Akuarelak kanpoan margotzeko ematen duen erraztasunak ere zerikusia du aukeraketa horretan?
Sare sozialetan agertzen da jendea, oleoa-eta pintatzen duena kalean, baina akuarelak ematen dituen erraztasuna eta aukerak itzelak dira. Alde batetik, material gutxi behar da, eta erraza da garbitzeko eta garraiatzeko. Dena motxila txiki batean eraman daiteke. Beste alde batetik, lana oso azkar egiten da. Hiru pintzelkadagaz zeru urdina margotu dezakezu; arkatzagaz, ostera, denbora gehiago behar duzu. Beraz, eskertzen da mendian horrela margotu ahal izatea.

Zergaitik lotzen da marrazketa umeekin?
Ez dakit, baina horrela da. Ikastaro hauek espreski helduentzat dira eta nik ere horixe gura nuen, ate hori zabaltzea. Marrazkiak umeentzat katalogatzen ditugu, izan liburuetan edo ikus-entzunezkoetan, eta hori ez da horrela. Mundu honetan, irudiz inguratuta gaude helduok ere, eta horri ez diogu baliorik ematen. Probatzen duen jendeak eta marrazteari denbora bat eskaintzen dionak eskertu egiten du gero. Zer onura dakarkion ikusten du; azken finean, marrazteari eskaintzen zaion denbora norberari eskainitako kalitatezko denbora bat delako, batez ere presaka bizi garen sasoi honetan. Zer gertatzen da? Geure buruan ondo dagoena eta txarto dagoena desberdintzen ditugu; aurretik sekula marraztu barik, 30 urte marrazten daraman profesionalak egiten duena lehenengo saiakeran irtetea gura dugu, eta hori ezinezkoa da. Horrek frustrazioa dakarkio helduari, eta horregaitik uzten dugu umeentzat. Eibarko eta Urkiolako ikastaroetan oso gustura ibili gara. Ariketak egin eta gero, ikasleek emaitzak ikusten zituzten egun bi horietan. Marrazten ere ikasi egiten da, eta gu hori erakusten ahalegintzen gara.

Zinean, komikietan... marrazkien itzulera bat dago?
Faktore desberdinak egongo dira. Adibidez, badirudi jendea oraintsu konturatu dela Euskal Herrian zelako maila handia dagoen. Ilustratzaileek lanak argitaratzeko aukera egon denean konturatu gara formatu honek hainbat gauza lantzeko balio duela. Joseba Larratxeren Ni enaiz Mikel Laboa liburuaren maila egundokoa da, eta Adur Larrearen Gabriel Aresti Biografikoa ere ikaragarria iruditu zait. Estilo desberdinak, gai desberdinak, baina kalitate handikoak biak. Eta ez dira umeentzat. Nire marrazki estiloa gauza batzuetara bideratuta dago, transmisio lanera gehiago, baina marrazkiek mila aukera ematen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!