Javier Aguirre Mallorca taldeko entrenatzailearen sustraiak Iurretaraino heltzen dira

Jone Guenetxea 2024ko api. 7a, 14:10
Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia. Bernardo Estornés Lasa.

Entrenatzailearen aitita Iurretan jaio eta Gernikara ezkondu zen. Beraz, mexikarrak senitartekoak ditu Iurretan.

 

Espainiako Kopako finala dela eta, Javier Aguirre Onaindia Mallorca taldeko entrenatzaileak (Mexiko Hiria, 1958) sarritan nabarmendu du bere familia athleticzale amorratua dela. Mexikarrak Ispaster eta Gernika artean kokatzen ditu bere gurasoen jaioterriak. Baina Aguirreren familiaren aurreko belaunaldiek Iurretagaz ere badute lotura. Entrenatzailearen aitita Iurretan jaio eta Gernikara ezkondu zen. Ondoren, Aguirreren aita Mexikora joan zen 50eko hamarkadan. Entrenatzailearen birraititak, Onaindia abizenekoak, Arandiako zubiaren ondoan Panadería Onaindia sortu zuen. 

Ildo horretatik, Mallorcako entrenatzaileak familia zabala dauka Iurreta inguruan ere. ANBOTOk Jose Luis Ferreriagaz berba egin du. Javier Aguirreren senidea da, birramama eta birraitita bera dute eta. 

Argazkian baieztatu daitekeen moduan, oso familia zabala izan zen. 1915eko San Migeletan Onaindia familia lehenengoz batu zen. 86 lagun elkartu ziren, hiru belaunalditan banatuta. Egun hartako argazkia oso famatua egin zen. Erdian dauden pertsona nagusiak Onaindia-Arruabarrena senar-emazteak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!