"Elkartea hortxe izan dugu beti laguntzeko, ekintzak antolatzeko"

Aitziber Basauri 2024ko mar. 18a, 08:53

Zikloturismoa sustatu eta koordinatzeko helburuagaz jaio zen Iurreta Txirrindulari Elkartea; eta, era berean, Txirrindularitza Eskola sortzeko eta kategoria minoritarioentzako lasterketak antolatzeko aukera bideratzeko. Bazkideak erakartzeko lehenengo saiakeran, 100 bat lagun batu ziren: Victor Gandiaga Zabala (Eibar, 1955) eta Agus Ruiz Larringan (Durango, 1956), euren artean. Biei aitarengandik heldu zaie txirrindularitzarako afizioa, eta gogotsu eusten diote. Urteurrena ospatzeko, bazkaria, bizikleta erakusketa eta berbaldia antolatu dituzte, udazkenerako. Orozketa Kronoa eta Dorletara irteera ere bai. 

Zelakoa izan zen elkartearen sorrera?
Agus Ruiz: Iurreta oraindino Durangoko auzoa zen garai hartan, eta elkarteak Iurretako Kirol Taldearen barruan eman zituen lehenengo pausoak; futbola, pilota eta herri kirola ere biltzen zituen orduan kirol taldeak. Iurreta desanexionatu eta gutxira, orduko Zuzendaritza Batzordeak Iurreta Kirol Taldetik irtetea erabaki zuen. Orduan 20 bat bazkide ziren. 
Victor Gandiaga: Kirol taldean futbolak zuen pisurik handiena, eta tentsio momentuak egon ziren. Baina Iurretakoa izateak harrotasun puntu hori ematen zuen eta elkarteak Iurretaren independentzia baieztapen horretan parte hartu gura zuen. Iurretako maillotagaz joaterakoan, herriaren irudia eta izena zabaltzen genituen, eta elkarteak horri egokituriko diru laguntza merezi zuela uste genuen.

Atzera begiratuta, zeintzuk momentu nabarmenduko zenituzkete? 
V.G.: Txirrindulari Eskolaren sorrera. Izan ere, askotariko ekintzak sortu eta kirol herrikoia sustatzea izan dugu beti helburu. Kirolaz gozatzeko, ez lehiaketa handietan aritzeko. Eta Emakumeen Bira antolatzen hasi ginenekoa, jakina.
A.R.:  Ahari Txirrindulari lasterketa, San Migel Saria, Kofradien BTT Martxa edo Txirrindulari Eskolen Artekoa ere hor daude. 

Emakumeen Birak izan du oihartzunik handiena.
A.R.: Bai. Berrizen hasi zen antolatzen, Ismael Lejarretaren eskutik. Guk eta Abadiñoko Javier Elorriagak lagundu egiten genuen. Baina Lejarretak utzi egin zuen. Lasterketa hazten joan zen apurka-apurka, handiegi bihurtu zen arte.
V.G: Adinean aurrera goaz eta belaunaldi aldaketa gatxa da. Antolaketan geroago eta gutxiago ginen eta lan handia zen geundenontzat.

Zer ekarpen egin dizue elkarteak? Badago afiziorik herrian?
V.G. Bizi handia eman dit eta lagun asko. Baina, afizioa badagoen arren, dena delako arrazoiengaitik belaunaldi berriak ez dira elkarte bategaz konprometitzen.
A.R.: Zaletasun handia dago, baina konpromiso gutxi. Elkartea hortxe izan dugu beti laguntzeko, ekintzak eta lasterketak antolatzeko.

Zein txirrindulari aukeratuko zenukete? 
V.G.: Ez naiz inoren jarraitzaile sutsua izan. Baina Bahamostes, Pulidor, Loroño... ditut gogoan. Geroago, Indurain.
A.R: Marinoren jarraitzaile sutsua izan naz beti. 

Elkarteak beste 40 urte egingo ditu?
V.G.: Ez dakit. Pesimista naiz.
A.R.: 40. urteurrena ospatuko dugu, ez dakigulako 50.erako sasoiko egongo garen. Belaunaldi berrien esku egongo da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!