Martxoak 8

“Askotan istorioak sortu eta kontatu beharra exijitzen diot neure buruari”

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 5a, 08:59

Uxue Alberdi Estibaritz idazle eta bertsolaria (Elgoibar, 1984) Iurretan izango da Emakumeak Literaturan jardunaldian parte hartzen. Josune Muñoz ikerlari feministak Uxue Alberdi elkarrizketatuko du martxoaren 13an, 18:30ean, Iurretako Bibliotekan. Alberdik bere obraz gogoeta egingo du irakurleekin

Iurretako Emakumeak Literaturan jardunaldira etorriko zara. Honelako topaketak zelakoak izaten dira idazleentzat?
Euskal literatura sistema txikia dela kontuan hartuta, iruditzen zait literaturan azken urteetan gertatu den fenomenorik baikorrenetariko bat irakurle taldeena izan dela. Zorionez, ohituta gaude irakurketa taldeei bisita egitera eta haiekin tratu hori izatera. Alde horretatik, etengabeko zirkuitu hori inportantea da, hainbat idazle, hainbat liburu, hainbat irakurle martxan mantentzen ditu eta. Kasu honetan, gehiago da ibilbideari begirako zerbait eta niretzat ez da hain ohikoa. Badira urte batzuk literatur munduan nabilenetik eta publikatzen hasi nintzenetik, 2007an argitaratu zen nire lehenengo liburua, baina oraindik ere arraro samarra egiten zait ibilbideari begiratzea. Josune Muñoz aspaldidanik ezagutzen dut eta, azken batean, gustuko plaza  da, nire lanari buruz eta egunero horretan nabilenari buruz hitz egiteko aukera eta irakurleekin partekatzeko aukera eskaintzen duelako. 

2007an kaleraturiko lehen liburutik, Aulki Jokoa nobelatik, hona begiratuta, zein balantze egiten duzu?
Burura etorri zait Onintza Enbeitaren Bizkaiko finaleko amaierako agurra, "irautea da nire meritu/ eta delitu bakarra" esan zuen. Ibilbide bat egunez egun eta jardun horretan mantenduz egiten da, ez dauka beste meriturik. Oso txikia nintzenetik letrazalea naiz, baita bertsozalea eta literaturazalea ere. Umetan ez nuen ikusten hori ofizio posible modura, baina memoria daukadanetik, irakurtzen, idazten ikusten dut neure burua eta horrela hasi nintzen. Gero, kazetaritza ikasi nuen, ez nuelako idaztearekin zerikusirik zuen beste karrerarik ezagutzen. Euskaraz idatzi nahi nuen, eta garai hartan ez zitzaidan Literatura Konparatua eta Kritika ikastea bururatu. Inbidia ematen dit. Azken finean, erabaki guztiak idazketa eta letrak erdian jarrita hartu ditut. Orduan, ibilbidean emaitzak ikusten dira, kaleratutako liburuak edo tituluak, baina azkenengo dozena bat urtetatik hona, batez ere idazteko eta irakurtzeko erabili dut denbora. Lur alaba jaio zenean, ordura arte jardunbide nuen kazetaritza albo batera uztea erabaki nuen. Harrezkero, idazteari, irakurtzeari, bertsoari, eskaini diot jarduna.

Gogoratzen duzu idazlea izatea edo letretara dedikatuko zinela erabaki zenuen momentua?
Bai, txiki-txikitan izan zen. Erabakiak pausoka hartzen dira, hamar urterekin ez nuen pentsatzen zer karrera ikasiko nuen, baina Elgoibarren antolatzen ziren literatur eta bertso lehiaketetan parte hartzen nuen eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen nintzen. Ume-umetatik izan nuen bertso eskola batera joateko gogoa. Aitari hori eskatzen nion, bertso eskolara eramateko, eta Ermuko bertso eskola batera joateko aukera izan nuen. Ikasketen modalitatea aukeratzerakoan, zientziak ala letrak aukeratu behar horretan, argi nuen letretatik joko nuela. Kazetaritza horregatik egin nuen, istorioak ahoz eta idatziz kontatzeko. Klaseetatik kanpora bertsotan ikasi nuen Bilbon, gidoigintza ikastaroak egiten hasi nintzen, Erasmus egonaldia egindakoan idatzi egin nuen... Zorionez, idazteko bulkada hori goiz identifikatu nuen. Eta inguruak ere lagundu dit. Etxean oso letrazaleak izan gara. Etxea liburuz josita egon da beti. Aita euskara eta literatura irakaslea izandakoa da. Amak eta izebak liburu denda bat izan dute 45 urtean. Niretzat ez da eremu arrotza izan. Elikatu egiten ninduten.

Bulkada hori ez da eten. Gaur egun, zein da sortzera bultzatzen zaituen txinparta hori?
Zerk bultzatzen gaitu sortzera? Bada, seguruenik, zauriren bati edo ezin kokatu bati emandako erantzun bat izan daiteke. Hor, norbere burua ahalik eta ondoen espresatzeko nahi bat dagoela esango nuke. Hau da, mundua norbere buruari azaltzeko eta norbere burua munduari espresatzeko nahi bat. Sortzaile askoren oinarrian ezinegonak egon daitezke, haurtzaro bakartiren bat akaso, beharbada minen bat. Orduan, idazten ari naizenean, egon behar dudan lekuan nagoela sentitzen dut. Askotan istorioak sortu eta kontatu beharra exijitzen diot neure buruari. Ez diot neure buruari bakean egoten uzten. Esango nuke sormen lanetan gabiltzan denok partekatzen ditugun mekanismoak direla. Munduan egoteko modu bat da. Gure ezinegona lantzeko, forma emateko eta besteengana zubi bat eginda heltzeko modu bat da.

Josune Muñozek dio zure obraren ezaugarri nagusiak estiloen hibridazioa eta ahozkotasuna direla. Bat zatoz analisi horregaz?
Bai, esango nuke nire lanetako asko entzute ariketetatik abiatzen direla. Nire ustez, literaturaren definizio posibleetariko bat ahotsa testu bihurtzea izan daiteke, bai norberaren barne ahotsa eta bai ingurukoen ahotsa, hizketak testu egitea. Aulki Jokoa eleberrian gure aiton-amonak zirenei eta haien kuadrillakoei egindako elkarrizketak, obserbazioak, zeuden oinarrian; Jenisjoplin-en oinarrian, 50 ordutik gorako ahots grabazio daude; Kontrako eztarritik saiakera feministan hamabost emakume bertsolariri egindako elkarrizketak daude oinarrian, eta Dendaostekoak lanaren atzean amari eta izebari denda ostean egindako grabazioak daude. Hor ere izango dira beste 50 bat ordu. Oraintsu Belarriko kilkerra argitaratu dugunean, hor ere norbaitek kontatutako istorioak jasotzen ditut. Bai, ahozkotasun hori konstante bat da. Dena dela, emaitzari dagokionez, lan batzuk gertuago daude ahozkotik, eta beste batzuk urrunago. Baina bai, ahotsaren entzute hori bada nire egiteko modu bat.

Kontrako eztarritik saiakeragaz bertsolaritzari begira ipini zinen, optika feminista bat hartuta. Ikuspegia literaturara ekarrita, euskal literatura joan ote zaigu inoiz kontrako eztarritik?
Nire ustez, euskal literatura eta bertsolaritza euskal jendartean kokatuta daude eta ezagutzen ditudan jendarte guztiak bezala, euskalduna ez da berdinkidea, ez da berdinzalea. Matxista da. Horrenbestez, hori gauza guztietan islatzen da. Ni literaturan plazaratu nintzenean, uste dut genero markatuko idazle modura plazaratu nintzela, idatzi egiten zuen neska gazte modura. Askotan galdetu izan didate "non igartzen zenuen hori?". Bada, gauza askotan. Garai berdintsuan plazaratu ginen Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Katixa Agirre, Irati Jimenez, ni, eta askotan egiten zizkiguten honako galderak: "Zergatik dira zure pertsonaia guztiak emakumeak?" edo "zure literatura femeninoa da?". Gizonezkoei ez zitzaizkien kontrako galderak formulatzen. Argazkilariek esan izan didate liburua begien parean jartzeko, modu horretan begiak nabarmentzeko. Halantxik esan zidan argazkilari batek: "Zure begiak iruditan hartzeko eskatu didate". Horrez gainera, argitaletxeetako editore guztiak gizonezkoak ziren, ni baino hogei bat urte helduagoak. Haiek berrikusten zituzten gure lanak. Horrenbestez, Kontrako eztarritik bezalako ariketa bat egin daiteke eremu guztietan. Musikan, kazetaritzan, ikastetxeetan. Literaturan ere bai.  

Zelan bizi dituzu Martxoaren 8a eta horren bueltako aldarrikapenak?
Bizitza baten parte modura. Zorte onez, emakume feministen ondorengoa naiz, nire emakume erreferente nagusiak, ama eta izeba, antolatuta zeuden feminismoan ni jaio aurretik, eta herri mailako lan handia egin dute. Aisialdia kirolaren bitartez aldarrikatu zuten, baita emakumeek eurek planak edo bidaiak bakarrik egitea. Gainera, abortuaren eskubidearen alde eta dibortzio eskubidearen alde borrokatu ziren. Gure aurreko emakumeek egin duten bide horretan gertu-gertuko emakumeak egon dira. Bertso eta literatur plazek egin naute, neurri batean, feminista. Niretzat Martxoaren 8a borroka eta aldarrikapen egun bat da eta, aldi berean, bada urte osoko eta urte askotako antolakuntza lanean jarraitzeko modu bat.

"Iurretako saioan giro intimoa eta beroa sortzen ahaleginduko gara"


Josune Muñoz. HIRUKA.

Josune Muñoz ez da berria Iurretan. Filologo eta ikerlari feminista bilbotarrak urteak daramatza Iurretako Bibliotekak antolatzen dituen jardunaldietan parte hartzen. Askotan dinamizatu ditu euskal idazle eta irakurleen arteko saioak Ibarretxe Kultur Etxean. Horren lekuko dira Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Karmele Jaio, Laura Mintegi eta Yolanda Arrieta. Aurten, Muñozek Uxue Alberdi elkarrizketatuko du irakurleen aurrean. Eta ohikoa duen eran, "gozatzeko moduko espazio bat" sortzea izango du helburu. "Iurretako saioan giro intimoa eta beroa sortzen ahaleginduko gara. Beste leku batzuetan esatea kostatzen direnak esatea ahalbidetzen dute horrelako espazioek. Disfrutatzeko moduko espazioa izaten da", azaldu du Muñozek. 

Hitzordua ipinita dago. Eta gonbitea, egina. Idazlea eta literatura ikerlaria martxoaren 13an egongo dira Ibarretxe Kultur Etxean, 18:30ean, irakurleen gozamenerako. Eguaztenean landuko dutenaren atariko lez, Uxue Alberdiren obraren ezaugarri bi azpimarratu ditu Muñozek: "Estiloen arteko hibridazioa eta ahozkotasunagazko gertutasuna". "Kontuan hartu behar da Alberdi bertsolaria ere badela, eta bere lanetan garrantzi handia ematen diola ahozko literaturari. Gainera, errelatoak, eleberri laburrak eta material berri ugari sortu ditu ikuspuntu feministatik. Horrez gainera, Ez da kasualitatea egitasmoari buruz ere berba egingo dugu. Emakume bertsolariek bidean aurrera egiteko izandako oztopoei buruz", aurreratu du Muñozek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!