Iturriotz baserria harririk harri mugituko dute duen kultur ondarea babesteko

Aitziber Basauri 2024ko urt. 22a, 12:44

Iurretako Udalak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak eginiko azterketari jarraituta baserriaren jatorrizko izaera agerian ipiniko dute

Industria jardueraren garapenak eta kultur ondareak elkarregaz egingo dute bidea Iurretako Santa Apolonia auzoan. Enpresek espazio berriak behar dituzte euren jarduera aurrera eroateko eta instalazioak hobetzeko, eta beharrizan horri erantzuteko hasi ziren Santa Apoloniako industria lurzorua urbanizatzen uztailean, 3,27 milioi euroko aurrekontuagaz. Santa Apolonia aldi baterako enpresa elkarteak garatuko duen proiektu horren barruan, XVII. mendeko Iturriotz baserria 50 metro mugituko dute; harririk harri eroango dute Iurretako Udalaren titulartasuna izango duen lursailera. Modu horretan, baserriak duen kultur eta ondare balioa babestuko dute. Are gehiago, baserriaren jatorrizko izaera agerian ipiniko dute, Bizkaiko Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak eginiko azterketari jarraituta, udalak eskaturiko moduan. "Argi genuen XVII. mendeko baserria mantendu behar genuela, ahal genuen neurrian", adierazi du Iñaki Totorikaguena alkateak. 

Baserri errenazentista
Iturriotz baserria 1610ean eraiki zuten, Ibaizabal errekaren ertzean, haren izena hartu zuen iturburutik gertu. Gaur egun, trenbidea eta industrialdea ditu inguruan. Ataridun familia bakarreko baserri errenazentista da, eta Bizkaiko baserriaren jatorrizko ereduaren ondorio zuzena. Hala ere, urte hauetan guztietan hainbat aldaera izan du. Santa Apolonia ermitatik 300 bat metrora altxaturiko baserria familia biren etxe bihurtu zen 1700. urte inguruan. Bizilekua berregituratu zuten eta litekeena da leiho-bao berriak zabaldu izana eta baserriaren kanpoko irudia aldatu izana. Hala jaso du Ondarearen Zerbitzuak. XIX. eta XX. mendeetan hainbat eranskin gehitu zuten.

Salbuespeneko neurri modura mugituko dute Iturriotz. Kultura Ondarearen zerbitzuko Alberto Santanak dioenez, "baserriaren egoera hobetuko da, eta, eraikina desitxuratu duten erreforma guztiez askatuta, abandonu egoeraren ondorioz hondatuta dagoen baserria saneatuko dute". Baserriaren aurrealdeko zeharkako bi hormarteetako elementuetan dago baliorik aipagarriena, bizitzeko erabili izan zen espazioan. Bada, horri balioa ematea eta baserriaren jatorrizko izaera nabarmentzea dute helburu egin beharreko lanekin. Inguruan aisialdigune bat egokituko dute, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko zazpi aparkaleku publiko egingo dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!