Iurretako azoka solidarioak izandako harreragaz pozik daude Anderebide elkartean. 2.000 euro batu dituzte JAED elkarteari emateko. Aurreko edizioekin alderatuta, aurtengoan jendeak arropa gutxiago eta jostailu gehiago eraman dituela azaldu dute elkarteko kideek. Jendeak ematen dituen gauzak salgai jartzen dituzte oso prezio merkean. "Gauza gehienak 1-5 euro artean saltzen ditugu. 2.000 euro ateratzeko gauza asko saldu behar da", gaineratu dute Anderebidetik. Eman eta hartu, elkartasunaren bidea zirkularra dela gogoratu dute elkarteko ordezkariek. Izan ere, saldu ez dituzten gauzak eman egin dituzte. "Arropa batzuk Senegalera joan dira, eta beste batzuk kalean bizi diren pertsonekin lan egiten duen Bilboko elkarte batera. El Arbolera ere bai".