Gabon Eguna irudi honekin hasi dute Iurretan. Herritarrak eliza ondotik pasatzerakoan, elizpeko harrizko mahaia apurtuta topatu dute. "Orain dela gutxi Orobiogoitiaren oroimen harria bota zuten errekara. Gaur elizako mahaia apurtu dute", salatu du ANBOTOra irudia helarazi duen iurretarrak. Ekintza bandaliko hauek "justifikaezinak" direla nabarmendu du.
Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak mahai honen historia gogoratu du: "Iurretako Udalak mahai hori 2015ean jarri zuen desanexioaren 25. urteurrena ospatzeko, eta gure arbasoak, herriko gaiak erabakitzeko biltzen ziren tokia sinbolizatzen zuen". Ekintza bandalikoa gogor kritikatu du Totorikaguenak. "Ez dago jokabide horietarako justifikaziorik".
Iurretako EH BIlduk ere sare sozialen bidez ekintza bandaliko hau gaitzetsi du. "Elizateko mahaia apurtu dute bart, Iurretako herriaren ikur eta ondare kulturala. Onartezina da", dio koalizio subiranistak.