Igogailuak geroago ipiniko dituzte. Pasarelak N-634 errepide nagusiko alde biak eta Akiñenako autobus geltoki biak lotuko ditu eta bizikleta pistagaz bat egingo du Amezketan, udal arduradunek azaldurikoaren arabera. Iurretako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostu zuen Aldundiak eraikiko zuela pasabidea, eta baita bizikleta pistagaz duen lotura ere. Gainerako lanei udalak egingo die aurre,100.000 euro inguruko inbertsioagaz. 2024rako udal aurrekontuan 75.000 euroko diru poltsa gorde dute igogailuak egiteko, Iñaki Totorikaguena alkateak gogoratu duenez.
Espaloia errepideari paralelo
Udala martxoan hasi zen N-634 errepideari paralelo doan espaloia egiten, "oinezkoen segurtasuna hobetzea" helburu hartuta. Iurretarako noranzkoan ezkerraldean egin dute 500 bat metroko luzera duen espaloia (285.000 euro). Espaloiari osotasuna emateko egingo dute orain errepide nagusiaren alde biak lotuko dituen oinezkoentzako pasabidea. "Pasabide segurua eta irisgarria bermatu gura dugu. Herrian alde batetik bestera oinez edo bizikletan joateko aukera izan gura dugu", nabarmendu du Iurretako alkateak.