'Bizkaiari begira' erakusketa ibiltaria Iurretara helduko da datorren astean

Anboto 2023ko aza. 8a, 12:22

BBK Herriz Herri programaren barruan ekarri du erakusketa udalak Iurretara, BBK Fundazioarekin elkarlanean. Azaroaren 13tik 20ra bitartean egongo da ikusgai, Askondon. 

'Bizkaiari begira' erakusketa ibiltaria helduko da Iurretara datorren astean, BBK Herri Herri programaren eskutik. BBK Fundazioarekin elkarlanean sortutako ekimen hau azaroaren 13tik 20ra bitartean egongo da ikusgai, Askondon. Erakusketa ikusteko bisita gidatu bi antolatu dituzte, azaroaren 18an eta 19an. Hilaren 18an, 12:00etan, gaztelaniaz egingo da bisita, eta, 13:00ean, euskaraz. Azaroaren 19an, ordea, alderantziz egingo dute, jakin eragin dutenez.

Iurretako Udalak ohar batean azaldu duenez, 'Bizkaiari begira' erakusketa  XVIII. mendeko azken hamarkadatik XXI.eko lehen hamarkadara arteko "gure lurraldearen erretratu koloretsua" da, eta horretarako "sarritan errealitatearen islapen hutsez harago doazen landako eta hiriko paisaiak dira abiapuntua". Erakusketarako hautatutako Bizkaiko paisaiek "balore dokumentalaz gainera, esanahi sinbolikoa ere badute", nabarmendu dutenez. "Izan ere, kontzeptu kultural, sozial edo politikoak ekartzen dituzte gogora; hala nola, tradizioak, klase bereizketa eta horien eraldaketa, lan-munduaren sublimazioa edota gatazka ideologikoak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!