[BIDEOA]: “Portugal zen faborito, baina presiorik barik kantxaratu eta gure bizitzako partidurik onena jokatu genuen”

Joseba Derteano 2023ko aza. 4a, 10:20

Arkaitz Rementeria Bildosolak (Iurreta, 1988) Europako padel txapelketa irabazi du beteranoen mailan Euskadiko selekzioagaz. Lehenengo ezustekoa Euskadiko selekzioaren deia jasotzea izan zen. Eta Europako txapelketa bat jokatzea berez gauza handia bada, zer esanik ez partidu erabakigarria norberak jokatu eta faboritorik handienak zirenei irabaztea. Alvaro Matadorregaz osatu du bikotea.

Arkaitz, Europako txapelduna zara. Zelako ondo ematen duen belarrira.
Egia esanda, bai. Niretzat sorpresa izan da. Lehenengo eta behin, Euskadiko selekzioak ni hautatu izana, nire adin bueltan oso jokalari onak daudelako. Ekainean Espainiako txapelketa irabazi nuen eta horrek eragina izan zuen. Gero, Portugalen kontrako partidu garrantzitsu hori jokatzea eta irabaztea... Oraindino sinistu ezinda nago. 

Zelan joan da txapelketa?
Lehenengo, taldekako ligaxka gainditu genuen. Suitza, Irlanda eta Alemania zeuden gure taldean. Finalerdietan Danimarka kanporatu genuen. Europako herrialde horiek apurka-apurka dabiltza padelean sartzen. Euren kirol nagusia tenisa da, eta asko tenisetik padelera egokitu dira. Tenisetik datozen bikote batzuek oso maila handia dute, baina beste batzuek ez hainbestekoa eta horrek erakusten du herrialde horietan oraindino padelak ez duela goia jo.

Finala Portugalen kontra jokatu zenuten. Eurak ziren faborito?
Bai, faborito ziren. Padela oso kirol indartsua da Portugalen. Maila guztiak kontuan hartuta, Portugalek 30 kirolari eraman zituen, eta guk 15 baino ez. Txapelketan partidu gehiago jokatu behar izan genituen eta fisikoki karga handia generaman. 

Zelan joan zen finala?
Maila bakoitzak puntu bat banatzen zuen. 55 urtetik gorakoan irabazi egin genuen; 50 urtetik gorakoan galdu; 45 urtetik gorakoan irabazi eta 40tik gorakoan galdu. Bina berdinduta, gure partidua, 35 urtetik gorakoa, erabakigarria izan zen. Gure kontra jokatu zutenak torneoko bikoterik onena ziren. Portugalgo bikoterik onena da eta zirkuitu profesionalean jokaturikoak dira. 

Ez zen edozelako erronka.
Esango nuke partidua irabazitzat eman zutela jokatu aurretik. Kontua da horrelako partidu batean presioak zeresan handia duela. Gu presiorik barik kantxaratu ginen. Eurek zuten karga hori. Gauzak horrela, guk geure bizitzako partidurik onena jokatu genuen. Egia esan, nire bikotekideak, Alvaro Matadorrek [Badajozen jaioa, Getxon bizi izan da urte askoan], ibilbide luzea duela padelean, eta profesionaletan ere asko jokatu du, baina, hala ere, ezustekoa izan zen. 

Zein izan zen zuen taktika?
Gure aulkian Eduardo Simal hautatzailea eta Jon Garcia-Ariño izan ditugu. Garcia-Ariño Espainiako hautatzailea izan da 15 urtean. Esperientzia handia du, eta prestigioa. Aholkuak emateko orduan, Pep Guardiolaren parekoa. Gugaz lan psikologiko handia egin zuen finalean. Ez ginela aurkariak baino gutxiago ikusarazten zigun. Lehenengo setean 1-4 galtzen hasi ginen, baina egoerari buelta eman eta set hori irabazi genuen. Sorpresa handia izan zen eta bigarren setari aurre egiteko sekulako indarra eman zigun. Gu psikologikoki gorantz joan ginen moduan, eurak beherantz joan ziren. 

Partidu horretako denak profesionaletan ariturikoak dira, zeu kenduta. Zeure errendimenduagaz harrituta zaude?
Bai. Harritu egin nintzen eta kanpotik begira zeudenak ere harritu ziren, momenturik gogorrenei zelan aurre egin nien ikusita. Egia esan, azkenengo joko bietan 'laguntza' eman ziguten. Hau da, oso nerbioso egon ziren eta akatsak egin zituzten. Gure taktika tantoak luzatzea zen, eraman eta eraman, arriskatu zezatela eurek. 

Zelakoak izan ziren partidua irabazi osteko momentuak?
Poz handikoak. Nigaitik eta inguruan ikusten nuenagaitik. Nire lehenengo Europako txapelketa zen, baina nire taldekide asko sarritan ibiliak dira Europan, eta ordura arte ez zuten irabazterik lortu. Esaterako, estatuan dena irabazi duen Jon Garcia-Ariño horrela ospatzen ikustea... hunkigarria izan zen. Bere hautatzaile ibilbidean, Top 3an sartzen duen partidua dela esan zidan. 

Noiztik zabiltza padelean?
Berandu hasi nintzen. 22 urtera arte txirrindularia izan nintzen. Hasieran, teknika lantzea kostatu zitzaidan. Garaikurraren atzean, ikusten ez den lan handia dago. Orain ia nire bizitza osoa da padela. Egunero zortzi-hamar ordu egiten ditut klubean. Entrenatzen eta Padelkon klaseak ematen... Zortzi urte daramatzat monitore. Azken urteetan padela profesionalizatu egin da. Gazteak 15-16 urtegaz hasten dira, padelerako dedikazio osoagaz. Zirkuitua oso lehiakor jarri da. Kirolariak oso prestatuta daude.

Kalitateak ez ezik kantitateak ere nabarmen egin du gora.
Horrela da. Padela bigarren kirolik praktikatuena da estatuan. Lizentzia mailan tenisa gainditu du. Espainian bost milioi lagun inguruk jokatzen dute padelean. Euskal Herrian, urterik urtera, lizentzia kopurua %20 edo %30 hazten da. Azken batean, padela adin guztietan praktikatu daitekeen kirola da. Ez da moda bat, errotu egingo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!