Gaueko 22:00ak aldera, Luhartzen erromeriako etenaldia aprobetxatuta, Lekittoko Deabruak antzerki konpainiak bere ikuskizun piroteknikoa hasi zuen. Etxegotik hasita, frontoiko aldapan behera egin eta plazara sartu ziren, bidean makina bat txinparta, suziri, musika eta ke barreiatuta. Bertaratutakoen artean irribarreak ziren nagusi. Harridurazkoak asko, baina irribarre urduriak ere ikus zitezkeen. Izan ere, deabruz jantzitako dozena bat kidek ez zuten bakerik izan iurretarrak zirikatzen. Han-hemenka ibili ziren txinparta jaurtigailuak eskutan, iurretarren atzetik korrika. Herritarretako askok, baina, bat egin zuten joko zirikatzailearekin, deabruen ondora batu eta txinpartapean salto eginda. Katalunian ohikoak diren ikuskizunen antzera, iurretarrek euren correfoc txikiaz gozatu dute.