Mercedes, ‘Bakardade Ikusezina’ erakusketako eskultura hiperrealista Iurretako Herri Bibliotekan egongo da irailaren 29ra bitartean. BBK Herriz Herri proiektuaren baitan heldu da erakusketa Iurretara, eta "gizarte modernoaren pandemia isiletako batean jarri gura du arreta: gura bako edo nahi gabeko bakardadea".
Erakusketa zabalik dagoen bitartean, beste bi jarduera ere antolatuko dituzte. Irailaren 18rako dinamizazio ariketa bat antolatu dute. Bertan, herritarrek erakusketak eragindako sentimenduak eta ideiak post-it batean idazteko aukera izango dute, eta hauek mural batean itsatsiko dituzte. Bi orduko saioa izango da, azaldu dutenez, eta 11:30ean hasiko da.
Bestalde, irailaren 26rako, Bakardadeari ahotsa jarriz kafe tertulia antolatu dute. Bakardadeari buruzko bizipenak partekatzeko aukera izango dute bertaratuko diren herritarrek. Ekitaldia 17:30ean hasiko da.
Erakusketa
“Mercedes” 89 urteko emakume baten eskultura hiperrealista da; bakarrik dago, serio eta burumakur, banku batean eserita. "Ruben Orozco mexikarraren eskultura hiperrealista da, ‘Bakardadean hildako azken pertsona’, eta gizarte-gaitz isil bati buruzko arreta-deia ere bada, pairatzen duenarentzat oso mingarria baita eta, gizarte gisa, ezin dugu horrelakorik onartu", helarazitako oharrean azaldu dutenez. "Arazo horren ondorioak maila fisikoan, emozionalean eta sozialean gertatzen dira, eta gure esku dago horiek saihesten laguntzea", gaineratu dutenez.
BBK Herriz Herri proiektua Bizkaiko 80 udaletan baino gehiagotan aurkeztuko da. BBK erakundeak 36 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin du proiektua aurrera ateratzeko.