Martxa 08:30ean hasiko da, baina imajinatzen dut zure eguna lehentxoago hasiko dela.
Zazpietarako Iurretako plazara bajatuko gara. Kafetxo bat hartu, furgoneta kargatu eta Dima aldetik Inunganera joango gara han anoa gunea atontzeko. Ez naiz bakarrik egongo. Bost lagunen artean egingo dugu.
Zergaitik pasatu zinen martxako parte hartzaile izatetik antolaketan laguntzera?
Martxa askotan aritutakoa naiz eta denboragaz anoa puntuak inportanteak direla konturatzen zara. Beste toki askotakoak ikusita, neure herrikoan lagundu nezakeela pentsatu nuen. Azkenean Iurretako martxak izena hartu du, oso lan ona egiten delako. Ahorik aho zabaldu da eta prestigioa hartu du. Esaterako, anoa puntuak oso ondo daudela esango nuke; horixe esaten dute, behintzat, handik igarotzen direnek. Nik parte hartzen nuenean, 300 edo 400 bat ibiliko ginen martxan, baina azkeneko aldi batzuetan ia 1.000 lagun batu dira plazan.
Martxa asko egin eta ibilbide klase asko ezagutu duzu. Iurretakoa zerk bereizten du besteetatik?
Ibilbidean bizi duzunak bereizten du, ikusten duzun paisaiak. Mugarra partea ikusgarria da. Mugarra ostera sartzen zarenean… naturagaz bat egiten duzu. Paraje hori berezia da. Beste martxa batzuetan, basoko pistetatik eta pinadietatik ibiltzen zara sarritan, eta ez da berdina.
Oraindino jarraitzen duzu martxak egiten?
Apur bat utzita dut. Frontoian ere ibiltzen nintzen frontenisean, eta belauneko lesio txiki bat dut. Orain buruak baietz esaten dit, baina kosta egiten zait belaunetik errekuperatzea.
Bere sasoian makina bat martxa egin zenuen.
Bai. Martxak, lasterketak, Hiru Haundiak… Eskolan ezaguturiko beste guraso batzuen artean oso giro ona dugu eta Euskal Herriko hainbat martxa egin dugu elkarregaz.
Martxa batetik Hiru Haundiak-era aldea dago. Zelan heldu zinen horra?
2014an egin nuen. Behobiako proba egin gura nuen eta korrika entrenatzen hasi nintzen. Behin, lehengusuekin-eta, Mendatako martxara joan ginen, prestaketa modura. Eta orduan sartu zitzaidan mendian korrika egiteko gogoa. Sarriago egiten hasi nintzen; lehenengo, 20 kilometroko probak, gero 30ekoak, eta azkenean Hiru Haundiak-en parte hartzen amaitu nuen.
Zelako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia ona, espero nuen baino hobea. Gogoan dut Urkiolatik goizaldeko bostetan igaro nintzela. Bikotekidea eta seme-alabak zain nituen eta oso polita izan zen. Eta gero helmugan familia guztia han ikustea esperientzia itzela izan zen. Ez dut uste berriro halakorik biziko dudanik.
Ibilbidea, luzera… gogorra egin zitzaizun?
Fisikoki ondo eutsi nion. Urte asko neramatzan mendian ibiltzen eta martxak egiten, eta horrek sasoiko egoten laguntzen dizu. Psikologikoki gogorragoa egin zitzaidan. 60. kilometro inguruan, nigaz zetorren laguna erretiratu egin zen eta bakarrik geratu nintzen. Orduan, duda egin nuen, jarraitu ala ez, ze banekien aurretik zer zetorren: 40 kilometro oso gogorrak. Seme-alabek jarraitzera animatu ninduten eta aurrera egitea erabaki nuen. Eskerrak jarraitu nuela, ze bestela gaur damututa egongo nintzen.
Martxei dagokienez, nondik ibilitakoa zara?
Bizkaian, Nafarroan, Araban, Gipuzkoan… Gipuzkoan badago lasterketa bat markatu ninduena: Donostiatik Hondarribira kosta ondotik doan Talaia bidea. Aurkikuntza bat izan zen. Paraje zoragarria da. Araban, Azazeta herritik Gasteizera zihoan beste martxa bat ere gogoan geratu zait. Mendi handirik barik, baina hamar bat tontortxotik pasatuz… ikusgarria izan zen. Europako mendietako probetan ere ibilitakoa naiz, desnibel handiko probetan.