Iurretako San Migelak

Irailaren 16an Emakume Sortzaileen Azoka egingo dute Iurretako plazan, 50 postugaz

Anboto 2023ko ira. 15a, 17:00

Aurreko edizioko argazkia. Maitane Totorika

Iurretako Auskari neska gazteen taldeak antolatuta, Emakume Sortzaileen Azoka egingo dute zapatuan, irailak 16, Iurretako plazan. Azokak hirugarren aldia izango du aurten, eta 11:00etan hasiko da. Postuak 14:30era arte egongo dira plazan. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten Bizkai, Gipuzkoa eta Arabatik etorritako 50 emakume sortzailek ipiniko dute postua Iurretan. "Azokako espazioa ondo kudeatzeko, aurten 50 posturen muga ipintzea erabaki dugu", azaldu dute Auskariko kideek. 

Deneriko produktuak egongo dira azokan: jantziak, bitxiak, ilustrazioak eta kosmetika naturalak, besteak beste. Auskarikoek ere ipiniko dute euren postua. Bertan, eurek sorturiko Fanzine bat egongo da eskuragarri, eta baita Durangaldeko neska gazteen Biribilketan sorturiko hainbat produktu ere. Azokan zozketa bat ere egingo dute, parte hartuko duten artisauek Auskari neska gazteen taldeari emaniko produktuekin. Zozketa 14:00etatik 14:30era bitartean egingo dute. "Guretzat itzela da otzara honen zozketa egitea. Azken batean, guk espazio bat ipintzen diegu ekoizleei, eta eurek, trukean, produktu bana ematen digute otzara osatzeko. Oso eskertuta gaude", gaineratu dute Auskarikoek.

Horretaz guztiaz gainera, azoka girotzeko zuzeneko musika egongo dela esan dute. 13:00etan, Uxue Kerejeta musikariak kontzertua emango du. 

Aurreko edizioetan legez, azokak erantzun ona izatea espero dutela adierazi dute. "Aurreko urteetan azokak oso erantzun ona izan du, oso harrera ona. Jende asko animatu izan da eta aurten ere horrela izatea espero dugu", gaineratu dute. 

Nekazaritza azoka
Bestalde, urriaren 1ean, Errosario Egunean, XXIII. Nekazaritza eta Artisautza Azoka egingo dute. Olaburun egingo dute, frontoi aurrean, eta 32 postu egongo dira bertan. Horietatik lau artisauenak izango dira. Horrez gainera, urtero lez, azokan txosna bat ipiniko dute, eta eguerdian txahal okelaren pintxoak banatuko dituzte. Umeentzat ludoteka ere egongo da. Azoka 10:00etan hasiko da eta 14:00ak arte egongo da zabalik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!