Iurretako dendatan eta ostalaritza establezimenduetan kontsumitzea bultzatzeko kanpaina berria jarri du martxan udalak Iurretan erosi eta busti herriaren alde! lelopean. Gaur hasi eta urriaren 15era bitartean, herriko komertzio eta tabernetan 100 euroko gastua egiten duten herritarrei aterki bat oparituko diote.
Zenbateko horretara iristeko erosketa tiket desberdinak batu ahal izango dira, eta ez dute zertan establezimendu berekoak izan behar, udal arduradunek argitu dutenez. Erosketa tiketa edo tiketak, Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoan (Bidebarrieta, 5) aurkeztu beharko dira aterkia lortu ahal izateko. Kanpainak urriaren 15era arte iraungo du, edo izakinak agortu arte, gaineratu dutenez.
Kanpainaren inguruko informazioa www.iurreta.eus edo www.dendakbai.eus atarietan eskegi dute.