Iurretako San Migelak

Gorulari Dantzak berreskuratu zirenetik 50 urte igaro direla ospatuko dute Iurretako sanmigeletan

Anboto 2023ko ira. 12a, 20:30

Sanmigelak ate joka dira, eta askotariko ekitaldiz osaturiko egitaraua aurkeztu dute, gaur, Iurretan. Irailaren 28an Montoitik jaurtiko dituzten txapligoek jai giroz bustiko dituzte herriko kale eta bazterrak. Hala ere, asteburuan hasita, motorrak berotzeko aukera izango dute iurretarrek. Aurten, urteurren bi ospatuko dituzte: Gorulari Dantzak berreskuratu zirela 50 urte bete direla eta Gertasport elkarteak 10 urte egin dituela.

Sanmigelak ospatzeko prest daude Iurretan. Gaur aurkeztu du Jai Batzordeak udalaren eta herriko hainbat elkarteren laguntzagaz osatutako egitaraua. Egitarau "anitza" azpimarratu dutenez. "Askotariko jendearen nahiak asetzen saiatzen gara, nahiz eta askotan hori lortzea ez den erraza, eta aurten ere ahalegin handia egin dugu horretan", diote. Ildo horretan, herriko elkarteen parte hartzea nabarmendu dute. 

Irailak 28an jaurtitako txapligoekin hasiko dituzte jaiak eta urriaren 2ra bitartean urteetan errotutako hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da. Ordurako, Gazte Asanbladak salgai jarriko ditu jaietako kamisetak eta zapiak. Hala ere,  jaien bueltan sorturiko hainbat ekitaldirekin motorrak berotzeko aukera izango dute iurretarrek, asteburu honetan hasita. 

Errotutako ekintzak eta urteurren bereziak

Urteetan errotutako ekitaldiek ez dute hutsik egingo: Mozorro bazkaria, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, bertso jaialdia, Zaldi mendi taldeak antolatutako XII. Mendi Martxa, kontzertuak, tortilla txapelketa, umeentzako jolasak eta dantzariak, besteak beste. Ekitaldi guzti horiek bi nobedade nagusirekin uztartuko dira: Gorulari Dantzak berreskuratu zireneko 50. urteurrena ospatzeko hainbat belaunalditako dantzariek dantza erakustaldia eskainiko dute plaza, irailaren 29an. Estampa, Arkuak eta Zintak dantzatuko dituzte. Bestalde, Gertasport elkarteak jardunaldi berezia antolatuko du 10. urteurrena ospatzeko, Larrakozelain. Zapatu honetan, irailaren 16an, izango da hori. Horrez gain, San Migel Padel txapelketa ere jokatu da, lehenengoz.

Sanmigel  "jai osasuntsuak eta askeak" izatea dute helburu bai Jai Batzordeak bai udalak. Horretarako, erasoei aurre egiteko protokoloa lantzen ari direla gogoratu dute. 

Eñaut Aiartzaguena iurretarrak egin du jaiak iragartzeko kartela aurten, Jai Batzordearen enkarguz. Gorulari Dantzei keinu egiten dien kartela. "Kartel lehiaketetan parte hartzea jeitsi egin da azken urteetan. Bada aurten atseden hartzea erabaki dugu. Ikusteko dago datorren urteetan hartuko den bidea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!