Kultur eskaintza zabala osatu dute Iurretan, ikasturte berriari begira

Anboto 2023ko ira. 11a, 10:54

Pilar Jimenezek, Amaia Legorburuk, Ziortza Onaindiak eta Zorione Fundazurik aurkeztu dute ikasturte berrirako eskaintza.

Ikasturte berriari begira eskainiko den kultur eskaintza berria aurkeztu dute Iurretan. Askotariko ikastaro eta ekintzek osatzen dute urrian hasi eta ekainera arte luzatuko den egitarau finkoak; guztira, 817 plaza eskainiko dituzte. Gaur zabaldu dute izena emateko epea.

Ibarretxe kultur etxeak eta Herri Bibliotekak "herritar ororen aisialdi eta kultur nahiak asetzeko eta adin tarte guztietan irakurzaletasuna bultzatzeko" eskaintza finkoa osatu dute ikasturte berriari begira. Horregaz batera, Jabekuntza Eskolaren barruan antolatutako ekintzen berri ere eman dute; baita pertsona migratuei zein pertsona nagusi zuzenduta prestatutako ekintzen berri ere. Izena emateko epea gaur zabaldu dute, Iurretan erroldatutakoentzat. Gainontzekoek irailaren 20tik 22ra izango dute aukera. 

Berrikuntzak

Ibarretxe kultur etxean tailer monografiko laburrak urtero antolatzen diren ikasturte osorako ikastaroekin (eskulanak, yoga, aretoko dantzak, gimnasia, egur lanketa, pilates...) uztartuko dituzte, iaz bezaka. Nobedade moduan, sendabelarren inguruko ikastaroa eta puntu tailerra aipatu dituzte Zorione Fundazuri zinegotziak eta Pilar Jimenez kultur teknikariak.

Ziortza Onaindiak bibliotako arduradunak nabarmendu duenez, "literatur sorkuntza, bizialdi osoko ikaskuntza eta ezagutzaren inguruko eztabaida publikoak sustatzea" izan dute oraingo honetan helburu. Bada zenbait ekintza berri prestatu dituzte, orain arteko eskaintza osatzeko: haziera eta hezkuntza gaiak ardatz izango dituen Korapiloak irakurketa kluba eta, Agora, askotariko gaien inguruan herritarren arteko elkarrizketak sustatu gura dituen ezagutzaren plaza, adibidez. Sormenezko idazketa tailerra eta Ekin! maker gunea ere antolatu dituzte, lehenengoz.

Jabekuntza Eskola 

Topaketa eta ikaskuntza guneak sortzeko jarduerak ere antolatu dituzte gizarte ongizate eta berdintasun sailetik. Hartara, Jabekuntza Eskolaren barruan hainbat ekintza prestatu dira: Gu Be Bai Runners ekimenagaz jarraituko dute, eta, horrekin batera, sexualitate ikastaroa, eta, autozaintza eta autodefentsa tailerrak egingo dituzte. Etxeko konponketen tailerra ere prestatu dute. Amaia Legorburuk Gizarte Zerbitzuen arduradunak azaldu dutenez.

Pertsona migratuei zuzenduta, bestalde, gaztelania eskolak ez ezik, euskara eskolak ematen hasiko dira, irakurketra kluba sortuko da eta emakumeen arteko topaketak antolatuko dituzte, besteak beste. Gainera, herritargo osoari zabalduta informazio eta sentsibilizazio saioak egingo dira.

Nagusien Bidelagun boluntzariotza programarekin jarraituko dute eta teknologia berrietara eta internetara hurbiltzeko ikastaroak antolatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!