Karmelo Fernández kazetari gaztea (Peio Velasco), eta Arantzazu Garmendia enpresaria (Irati Herrero) dira Atara Zarata konpainiaren antzezlan berriko protagonistak. Enpresari arrakastatsua da Garmendia, eta praktiketan dabilen kazetaria Fernández; azken hamarkadetan euskal enpresagintzan egon den iruzurrik handiena deskubrituko du kazetariak. Ukitu absurdoen artean garatuko da Iker Garatek eta Nuria Romerok zuzenduriko komedia beltza. "Obrak Galder Perezen Hiru geltoki lurrun liburua du abiapuntua, bertan oinarritzen da. Testua oso ona iruditu zitzaidan, irakurri eta maitemindu egin nitzen. Galderri komentatu eta ez zidan batere arazorik ipini!", azaldu du Iker Garatek; irailaren 8an estreinatuko dute lana, Iurretako gaztetxean, 20:00etan.
Atara Zarata antzerki konpainia 2011n sortu zuten, interes sozialeko gaiak lantzeko asmoagaz. Urteotan zortzi lan sortu dituzte eta beste bitan laguntzaile lez parte hartu dute. Ibilbide honetan, konpainiak dozenaka lagun hurbildu ditu antzerkiaren mundura, eta, besteak beste, Eneko Sagardoy, Mariano Estudillo eta Markel Ganboa izan dira taldekide.
Emanaldi bila
Iurretakoaz gainera, beste emanaldi batzuk lotzeko lanean dabiltzala azaldu du Iker Garate zuzendariak. Hamarkada honetan zehar, Atara Zaratak hartu-eman estua garatu du San Agustin kulturguneagaz, Karrika antzerki taldeagaz eta Sorginolagaz.