“BegIA aplikazioak itsutasun gehien sortzen duten gaixotasun nagusiak atzeman ditzake"

Aitziber Basauri 2023ko ira. 5a, 08:21

Igor Garciak eta Francisca Villanuevak garatu dute BegIA proiektua.

Fisikan eta Ingeniaritza Elektronikoan graduatua da Igor Garcia iurretarra eta Bioinformatika eta Bioestatistika masterra egiten dabil. Gainera, PhD ikaslea da, Konputazioko Teknologian. Francisca Villanueva Biokimikan doktoratua da eta biek elkarregaz BegIA izeneko aplikazioa sortu dute. 'Selfie' baten bitartez begiko zenbait gaixotasunen aurrediagnostikoa egiteko aukera ematen duen tresna sortu dute Kataluniako Oberta Unibertsitatako ikasle biek. Erretinopatia diabetikoa duen familiako kide baten esperientzia pertsonala dela-eta jaiotako proiektua dela azaldu du Garciak.

Zelan funtzionatzen du BegIA aplikazioak?
Erabiltzaileak bere gailu mugikorretik argazki bat ateratzen du eta aldez aurretik trebaturiko adimen artifizialak diagnostikoa ematen du. Gaur egun, diagnostiko honek begietako hiru gaixotasun bereizten ditu: kataratak, glaukoma eta erretinopatia diabetikoa. Itsutasun gehien sortzen duten begietako hiru gaixotasun nagusiak atzeman ditzake. Era berean, begia osasuntsu dagoen ala ez erakusten du.

Zein da BegIA aplikazioak dakarren berrikuntza nagusia?
Dagoeneko badaude begiko patologiak diagnostikatzeko irudiak analizatzen dituzten softwareak, Begi-hondo irudietan oinarritzen direnak. BegIA aplikazioak, ostera, pazienteak berak mugikorraren bitartez lortu ditzakeen aurretiko irudi sinpleak erabiltzen ditu, 'selfie'-ak.

Diagnostiko goiztiar bat egiteko helburuagaz sorturiko aplikazioa da. Nori zuzenduta? 
Egoera ekonomiko edo geografikoagaitik diagnostiko azkar eta merkea lortu ezin duten herritar horiei zuzenduriko tresna da. Batez ere, osasun publiko ahula edo komunikabide txarrak dituzten munduko lurraldeetan bizi direnei zuzendurikoa. Desplazamenduak eta osasun pribatuko diagnostikoak oso garestiak izan daitezke zenbait lurraldetan, eta asko ez doaz medikuarenera gaixotasun arina dela uste badute. 

Epe laburrean erabilgarri egon daiteke BegIA? Zeintzuk pauso eman behar dira horretarako?
Algoritmoa daukagu; hala ere, zenbat eta irudi gehiagogaz trebatu, orduan eta hobeto. Datorren urte amaierarako osasun baimenak lortu eta aplikazioa bertsio pilotu batean martxan ipini ahal izatea espero dugu.

‘SpincOUC-eko 2023ko Eragin Sozialerako Ramon Molinas Saria’ jaso zenuten ekainean. 
Bai. Sari honek gure proiekturako bultzada eta babesa suposatzen du. Finantziazio gehiagoren aldeko apustua egiteko lehen urratsa da, enpresa eratu eta, azkenik, aplikazioa merkatura zabaltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!