Bizikletek lehentasuna izango duten guneak sortu dituzte Iurretan

Anboto 2023ko uzt. 21a, 12:00

Askondo, Bixente Kapanaga eta Zubiaurre kaleetan bizikletek lehentasuna izango dute, Iurretako Bizikleta Planaren lehen fasea amaitu ondoren. 

Bizikleta garraiobide moduan erabiltzea sustatzeko helburuagaz Bizikleta Plana sortu dute Iurretan. Herriko hainbat tokitan zortzi jarduera batzen ditu proiektu horrek, eta lehen fasea amaitu dute dagoeneko, udal arduradunek azaldu dutenez. Hartara Askondo, Bixente Kapanaga eta Zubiaurre kaleetan, lehentasuna izango dute bizikletek.

Kale horietan "baketsuak diren ingurumen-eremuak" sortu dira. Zirkulazioa 20km/h-ra mugatu dute, eta, bizikleten eta oinezkoen zirkulazioari lehentasuna eman zaio. Seinaleztapen bertikala jarri dute eta kalea margotu, "oinezkoen eta bizikleten lehentasuna bermatzeko", argitu dutenez. Helburuak honako hauek dira: "batetik, udalerrian dauden bidegorriak modu ordenatuan lotzea, eta, bestetik, bizikletaren zirkulazioa erraztea hirigunean, beste mugikortasun-modu batzuekin batera, baina betiere bizikletari lehentasuna emanez".

Lehen fase hau amaituta, hobekuntzak egingo ditu udalak Olaburun, Elixalden eta Andaparapen. Horretarako, "obra txiki batzuk egingo dituzte, foru errepidearekiko paraleloan doan bidegorrian, jarduketa berriekin lotzeko eta segurtasuna handitzeko". Udal ordezkariek jakin eragin dutenez, "Arriandin, badagoen udal bidegorri saregaz lotuko dut bizikleta-pista, eta laster Arandia inguruan amaitzear dagoen bidegorri berria ere lotuko zaio".

Iñaki Totorikaguena alkateak gogoratu duenez, "mugikortasun iraunkor eta seguruaren aldeko apustua egiten jarraitzea da helburua, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatuz eta bide segurtasuna hobetuz. Horretarako, Iurretan dauden bizikleta-bideen presentzia indartuko da, gure udalerriak espazio eroso eta seguruak izan ditzan garraiobiderik jasangarrienarekin, bizikletarekin, ibiltzeko ".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!