Era berean, berdegune berriak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak eta aisialdi gune berri bat egokituko dituzte. Lanek 3,27 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute eta 18 bat hilabete iraungo dute, Iurretako Udalak jakinarazi duenez. Santa Apolonia aldi baterako enpresa elkarteak egingo ditu.
Udalak iazko martxoan onartu zuen Santa Apoloniako industria lurzorua urbanizatzea. Bertako enpresek espazio berriak behar dituzte euren jarduera garatzeko eta instalazioak hobetzeko, eta premia horri erantzun gura diote. 2009n hasi zuten urbanizazio proiektua, baina bertan behera geratu zen orduko krisi ekonomikoaren eraginez. 2019an ekin zioten berriro proiektuari, lurzoruaren %50etik gorako jabeekin Hitzarmen Batzordea sortu zenean.