Iurretako jubilatuen bazkariak 100 lagun batu ditu

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 5a, 16:22

Iurretako jubilatuek gaur egin dute San Pedro eguneko bazkaria. Ospakizunaren berezko egunean, ekainaren 29an, ostalaritza greban zegoela eta, bazkaria gaurko egunera atzeratzea erabaki zuten. 

Egun batzutako atzerapenagaz bada ere, egin dute. Iurretako jubilatuek urteroko ohiturari eutsi diote. Gaur egin dute San Pedro eguneko bazkaria, ostalaritzaren sektorean deituta zeuden greba egunak igaro eta gutxira. Adinekoen Etxea txiki geratu da mahaiaren bueltan baturiko jende kopurua dela eta. Tabernako Vicente Murillo arduradunak azaldu du 100 bat lagun batu direla gaurko otorduan. Herritarren berbaroa, barre algarak. Giro sanoa izan dute.

Mari Angeles Arriaga eta Isabel Rodriguez dira jubilatuen elkarteko presidenteak. Pozik daude gaurko bazkarian sorturiko giroagaz. Ospakizun polita izan dela azaldu dute. "Gainera, badugu urtero errepikatzen dugun ohitura bat. 90 urte betetzen dituzten elkartekideei omenalditxoa egiten diegu. Plaka bat eta lore-sorta bat eskaintzen dizkiegu. Aurten Carmen Caro elkartekideak bete ditu 90 urte. Etxera bidali dizkiogu plaka eta lore sorta", azaldu du Isabel Rodriguezek.

Bestalde, Mari Angeles Arriagak egunaren errepasoa egin du: "Bazkaria primerakoa izan da. Pernila, txipiroiak, arraina, azpizuna eta tarta izan ditugu", azaldu du. Bazkariaren bukaeran dantzalditxoa hasi dute. Iñaki Uribesalgok eta Idoia Legorburuk ipini dituzte dantzarako gatza eta piperra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!