Gerediaga Elkarteak Iurretako kofradien historia batuko du liburu batean. Historiaren ikerketa eta hainbat eragileren lekukotzak izango dira liburuaren oinarria, eta kofradiek gaur egun ere duten garrantzia erakusteko asmoz publikatuko dute liburua. Liburua irailerako egongo da prest. "Lan historiko hutsetik harago joatea da asmoa. Dibulgazio lana da helburua, eta, batez ere, kofradiak jendarteratzea", azaldu dute Gerediagatik ohar baten bitartez. Azken 50 urteetako lekukoen testigantzak batuko dituzte. Testuez eta bideo grabazioez Markel Onaindia arduratuko da, diseinuaz eta maketazioaz Eñaut Aiartzaguena eta dokumentazioaz eta artxibo historikoaz Jon Irazabal.