La Banda konpainiaren 'Kimera' ikuskizunak abiatuko du, barikuan, Iurretako kale antzerki jaialdia

Anboto 2023ko eka. 13a, 12:16

Iurretako XVII. Kalez Kale antzerki jaialdia ospatuko dute asteburuan, herriko kale eta plazetan. Bost emanaldi egingo dituzte, barikutik domekara bitartean, "goi mailako kalitatezko egitaraua" osatuz.

Nafarroako La Banda Tetaro Circo konpainiak abiatuko du barikuan, ekainaren 16an, aurten XVII. edizioa egingo duen Iurretako Kale Kale antzerki jaialdia. 'Kimera' ikuskizun "berritzailea" aurkeztuko du indartsu datorren konpainia gazteak, jaialdiaren koordinazio eta zuzendaritza lana bete duen Deabru Beltzak konpainiako Oscar Castaño 'Garbitxu'-k nabarmendu duenez: "Egitura erraldoi eta magikoa erabiliko dute publiko zabalari zuzendutako obra honetan". Mute antzerki talde arabarraren 'Orain bi' ikuskizuna ikusteko aukera ere egongo da, ekainaren 16an, Iurretan.

Ekainaren 17an, Double Bill konpainiaren eskutik 'Two much' ikuskizun komikoaz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek, batez ere. Era berean, Maite Guevarak 'Que buyen día' klown ikuskizuna aurkeztuko du. Euskal Herriko lehen klown-a da Guevara, 'Garbitxu'-k azaldu duen moduan, eta hainbat urtetan saiatu ondoren, aurten lortu dute Iurretara etortzea. Eriz Magoaren magia ikuskizunak borobilduko du Kalez Kale antzerki jaialdia, ekainaren 18an.

Iñaki Totorikaguena alkateak gogoratu du urte guzti hauetan ia 100 konpainia eta 550 aktore baino gehiago hurbildu direla Iurretara. Bestalde, Pilar Jimenez kultur arloko arduradunak "goi mailako kalitatezko" egitaraua osatu dutela azaldu du: "Askotariko publikoari zuzendutako, askotariko formatoak eskaintzen saiatu gara". Gaineratu dute, gero eta publiko gehiago erakartzen duen jaialdia dela Iurretakoa, eta aurkeztuko diren ikuskizunetara hurbiltzeko gonbidapen zabala egin du. Jaialdiak 15.000 euroko aurrekontua izan du.

 

EGITARAUA

Ekainaren 16

  • 18:00 La Banda Teatro Circo konpainiaren 'Kimera', Aita san Migel plazan.
  • 19:30 Mute konpainiaren 'Orain bi', Askondon.

Ekainaren 17an

  • 18:00 Double Bill konpainiaren 'Two much', Askondon.
  • 19:30 Maite Guevararen eskutik 'Que buen dia' klown ikuskizuna, Askondon.

Ekainaren 18an

  • 13:30 Eriz Magoaren 'Auskalo' ikuskizuna, Dantzarin (bertako lanak amaitzen ez badira, Dayton aurrean).

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!