Hamar bertsolari Euskal Herriko Eskolarteko txapelaren bila lehiatuko dira Iurretan, zapatuan

Aritz Maldonado 2023ko eka. 2a, 13:15
Eskolarteko txapelketa bateko artxiboko irudia.

Zapatuan hasiko da Euskal Herriko Eskolartekoa, 11:30ean, Iurretako frontoian; Ixone Asategi durangarrak kantatuko du

Lurralderik lurralde jokaturiko Eskolartekoetatik sailkatutako hamar bertsolari gazte arituko dira kantuan zapatuan Iurretan egingo den finalean. Horietariko bat Ixone Asategi durangarra da; beragaz batera, Haizea Telleria sailkatu da Bizkaitik. Gipuzkoatik June Aiestaran eta Danel Etxeberria sailkatu dira; Nafarroatik Kattin Madariaga eta Eki Mateorena; Arabatik Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ordezkariak Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona izango dira. Apirilean hasi eta orain arte egin dira eskolartekoak. Finalerako giro beroa izatea itxaroten dute Bertsozale elkarteko kideek, kanporaketetan eta herrialdeetako finaletan hala izan delako. Sarrerak doakoak izango dira eta gonbidapenak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.

Ixone Asategi Gernikan jokaturiko Bizkaiko Eskolartekoan sailkatu zen finalerako. Idatzizko eta bat-bateko txapelketak batera jokatu ziren joan zen astean, eta 200 gaztetik gora batu ziren bertan. Bat-bateko txapelketan, zortziko handian eta txikian ofiziotan egin zuten gazteek, eta gaiari erantzunda gero; Asategik berak eta Haizea Telleriak elkarregaz abestu zuten buruz burukoan; Telleriak irabazi zuen eta Onintza Enbeita bertsolariak ipini zion txapela. 

Bizkaikoa, erabakita
Bestetik, osatu da Bizkaiko Txapelketan kantatuko dutenen zerrenda. Udabarria Bertsotan fasean lehiatu ostean, Durangaldeko bertsolari hauek sailkatu dira Bizkaikora: Igor Galarza, Ander Sarriugarte, Bittor Altube, Araitz Katarain, Garikoitz Sarriugarte eta Iruri Altzerreka;
Bittor Altubek Zallako saioan irabazita lortu zuen Bizkaikorako sailkatzea. 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalista izateagaitik, zuzenean finalaurrekoetan abestuko dute Aitor Bizkarra abadiñarrak eta Gorka Pagonabarraga durangarrak; bestalde, kanporaketetan zuzenean sartzeko aukera dute Eneko Abasolo 'Abarkas'-ek eta Txaber Altubek; 2021eko Bizkaiko Txapelketan finalaurrekoetan kantatu zuten biek. 

Kopla txapelketa
Bestalde, ekainaren 9an Durangaldeko VIII. Kopla Txapelketa egingo dute, Iurretako Abadetxean, 20:30ean. Durangaldeko hamar bertsolarik kantatuko dute bertan: Bittor Altubek, Janire Arrizabalagak, Ixone Asategik, Irune Basagoitik, Igor Galarzak, Unai Iturriagak, Naroa Jaiok, Gorka Lazkanok, Paulo Salterainek eta Ander Sarriugartek. Iruri Altzerrekak, Itxaro Juaristik eta Ainhoa Urienek ipiniko dizkiete gaiak. "Munduko trikitilaririk onenetarikoek" ere parte hartuko dute urtero jai giro itzelean egiten den jaian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!