"Haurren sailean 138 lan aurkeztu dituzte, gazteen sailean 54, eta helduenean 12; guztira, 204 lan aurkeztu dituzte", azaldu dute ohar baten bitartez. Iurretako Udalak 3.100 euro banatu ditu sarituen artean. "Txikientzat liburu sortak banatu ditugu, eta gazte eta helduen artean liburuetarako bonuak izan dira sariak. Haur eta gaztetxoen kategorietan, Iurretako Udalak esker oneko opari bana eman die parte hartzaile guztiei, ahalegina saritzeko asmoz. Aurrerantzean ere irakurzaletasuna eta sormena uztartzen dituzten proiektuetan lanean jarraituko dugu. Lehiaketa honen helburuen artean, integrazioa eta kultur aniztasuna ere baditugu", azaldu dute antolatzaileek.
Iurretako sortzaileek ere parte hartu dute edizioan, izan ere, Iraia Okina ilustratzaileak sortu du lehiaketaren iruditegia (oinarriak, liburuxka eta kartelak), eta Markel Onaindia sortzaile iurretarra, liburuxkako hitzaurrea idazteaz gainera, sari banaketan ere egon zen. Hain zuzen ere, hogei urteotan sorturikoak hogei liburuxkatan argitaratu dituzte; liburuxken aleak Herri Bibliotekan eskuratu daitezke.