Udal eta foru hauteskundeak

Iurretako EAJk baserrietan etxebitza kopurua handitzea ahalbidetu gura du

Anboto 2023ko mai. 23a, 12:22

Baserrietako etxebizitza kopurua bikoizteko ordenantza bat onartuko duela iragarri du Iurretako EAJk, "landa-guneen jarraipenaren eta iraupenaren aldeko apostuagaz jarraituz", Iñaki Totorikaguena hautagai jeltzaleak azaldu duenez.

Iurretako EAJk baserrietako etxebizitza kopurua bikoizteko ordenantza sortu gura du. Horixe da jeltzaleen programaren proiektu aipagarrienetariko bat. Baserriak birgaitzea eta egokitzea izango lujke helburu ordenantza berriak, "herriko baserriak bizirik irautea lortzeaz gainera". Zehaztu dutenez, "baserriaren azaleraren eta ezaugarrien arabera", gehienez ere lau etxebizitza ateratzeko aukera bideratuko litzateke. "Horrela, baserrien birgaitzea eta egokitzapena bultzatu nahi dugu, jabeei bizitegi-aukera bat emateko lurzoru berriak okupatu eta urbanizatu beharrik izan gabe, eta, aldi berean, baserrien biziraupenari eusteko”, dio Iñaki Totorikaguena hautagai jeltzaleak.

Bestalde, landaguneetako beharrezko bide eta argiteria azpiegiturak hobetzen jarraituko dutela adierazi dute jeltzaleek; baita aisialdi eta entretenimenduko ekitaldiak ere. Horrez gain, mugikortasuna eta auzoen arteko oinezko eta bizikletentzako lotura hobetuko dutela esan dute.

Jeltzaleek konpromisoa hartu dute landa-eremuetan eta hondakin fitosanitarioak biltzeko eta inausteko guneetan konpostajea sustatzen jarraitzeko. "Horretarako, landa-eremuetan auto-konpostajeko programak eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueratik eratorritako hondakinak biltzeko eredu bat jarriko dira abian, Durangaldeko Amankomunazgoarekin eta Urkiola Landa Garapen Elkartearen eskutik", diote ohar batean.

Landa-guneak hobetzeko beste neurri batzuen artean, putzu septikoak instalatzeko eta mantentzeko eta interneterako sarbidea "ahalik eta baldintza onenetan errazteko" diru-laguntzak ere aipatu dituzte jeltzaleek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!