Udal eta foru hauteskundeak

Iurretako EH Bilduk herritarren parte hartze "aktibo" eta "zuzena" sustatu gura du

Anboto 2023ko mai. 18a, 10:17

Iurretako EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako programa aurkeztu zuen, atzo, hainbat herritarren parte hartzeagaz. Udalak hartzen dituen erabakietan herritarren parte hartze "aktibo" eta "zuzena" sustatuko dute, eta gizarte politiken aldeko apostua egingo dute, besteak beste.

EH Bilduk udal "garden" eta parte-hartzaile bat lortzeko konpromisoa hartu du, "Iurretako herritar guztien alde lan eginez". Bide horretan lau arlo nagusi dituzte.

EH Bilduk pertsonen ongizatea eta horien zaintza jarri gura du ardatz nagusi moduan. Hartara, "giza baliabide gehiago bideratuz zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko neurriak hartuko dira. Horretarako osasun zentroekin eta tokiko elkarteekin lankidetza sustatuko da", azaldu dutenez. Bestalde, udalean hartutako erabakietan herritarren parte hartze "aktibo" eta "zuzena" sustatuko dute. Sortutako parte hartze espazioen bitartez (inkestak, foroak, galdeketa publikoak...) herritarren iritzi eta beharrak bideratzeko mekanismoak jarriko dira eskura.

EH Bilduk Maiztegi eskolako eta haurreskolako azpiegiturak hobetzeko lanetan lagunduko du, bertako hezkuntza komunitateagaz batera. Era berean, jarduera fisikoa, eta, kultur eta aisialdi ekintzak sustatuko dituzte. Herriko elkarteen lana errazteko eta burukrazia murrizteko herriko kultur eragileekin koordinazio-mahai bat ere sortu gura du kualizio subiranistak. 

Kirol azpiegituren diagnostiko bat ere iragarri dituzte, eta futbol-zelaiaren eta frontoiaren berrantolaketa. Instalazioak hobetzeko eta handitzeko dauden aukeretan lan egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!