"Ikasleen arteko berdintasuna bermatzeko asmatu zuten sistema gaur egun indarrean dago Maiztegin"

Anboto 2023ko mai. 12a, 17:20

Edurne Berasaluze Gandiaga (Iurreta, 1976), Maria de Rueda Berasaluze (Iurreta, 2003) eta Amaia de Rueda Berasaluze (Iurreta 2005) ama-alabak Maiztegi herri eskolako ikasle ohien bazkarian elkartuko dira. Topaketa horretan batuko diren ama-alaba bakarrak izango dira.

Zelan gogoratzen dituzue Maiztegiko urteak?
Edurne Berasaluze: Maiztegira 6. mailatik 8. mailara joan nintzen. Aurretik, 5. mailara arte Oromiñoko eskolan egon ginen. Auzoko eskola txiki bat zen, hamabost bat ume geunden han eta txikienak hiru urte zituen. Maiztegira joan eta nire adineko hainbeste jendegaz ikasten hastea itzela izan zen. Gainera, gehienak mutilak ziren. Zazpi neska baino ez ginen. Aldaketa handia izan zen, baina adin haregaz jende berria ezagutzeko gogoa genuen.
Maria de Rueda: Niretzat sasoirik politena izan zen. Adinagaitik izan daiteke, baina ondoen pasatu dudan sasoia izan da. Zaharra ematen dut horrela berba eginda (barrez).
Amaia de Rueda: Akorduan dut oso pozik joaten nintzela gelara. Gero, DBHn gauzak aldatu egiten dira. Eskolara baino gehiago, lagunekin egotera joaten nintzen sentsazioa izaten nuen.

Edurne, guraso elkartean ere egon zara.
E.B.: Esperientzia polita izan da. Eskolako funtzionamendua barrutik zelakoa den ezagutzeko aukera ematen du. Derrigorra izan beharko litzateke elkarte horretatik guraso guztiak pasatzea, zer den ezagutu dezaten. Oso aberasgarria da.

Ikasle eta guraso legez, aldaketa igarri duzu eskolan?
E.B.: Egia esan, gauzak aldatu egin dira, baina Maiztegin eta Orobiogoitian gauza asko mantendu da belaunaldirik belaunaldi. Hasierako guraso haiek ikasleen arteko berdintasuna bermatzeko asmatu zuten sistema, esaterako. Gaur egun indarrean dago eta kuota txiki baten bitartez familiek ez dute beste ezer ordaindu behar izaten; ez materiala (koadernoak, lapitzak, borragomak, errotuladoreak...), ez liburuak, ez txangoak... bereizketarik barik. Ana Mari zuzendari ohiak esaten zuen moduan, diru apur bategaz guraso elkarteak magia egin izan du. Sistema hori altxor ederra dela pentsatzen dut.

Ama eta alabak batuko zareten bakarrak zarete.
E.B.: Muga bat ipini behar zen eta 18 urtekoa ipini zen, ama-alabak ez elkartzeko eta jaiaz disfrutatzeko, umeei begira egon barik.
M.R.: Trankil, ez zara guri begira egon beharko (barrez).

Gogotsu zaudete zapatuko bazkarira joateko?
E.B.: Gure belaunaldiko kintoak 10:00etan geratu gara, hamarretakoa egiteko, eta hortik hasiko gara. Gero, beste hauekin jarraituko dugu.
M.R.: Gure belaunalditik zazpi goaz. Hurrengorako gehiago batuko gara.
A.R.: 2005ekoa izan arren, DBH osoa 2004koekin egin dut eta eurekin noa bazkarira. Salbuespen modura joaten utzi didate. Gure belaunalditik ia denok joango gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!