Auzokoak ordubete lehenago batuko dira, idiek tiraturiko gurdia prestatzeko, eta azken ikutuak eman ondoren bideari ekingo diote, trikitalari eta albokariek lagunduta. Gaizka Arizmendiarrieta eta Nerea Yarzabal ezkongaiak izango dira buru jarraigoan.
Bide erdian konbitea egin ondoren, San Markora heldu eta ezkontza antzeztuko dute. Oromiñoko baserri bateko 1902. urteko ezkontza-hitzarmen originalak irakurriko ditu notarioak, eta ezkongai bien amek aktak egiaztatuko dituzte. Ondoren, bazkaltzeko elkartuko dira eta, arratsaldean, kanturako eta dantzarako aukera izango dute Eingo taldeagaz. Bost urterik behin antolatzen dute ekintza eta era berezian bizi dute: "Elkar ikusteko aitzakia izaten dira auzoko jaiak, eta euskal eztegua tokatzen denean oraindino gehiago. Eguna bera eta antolaketa prozesua ere oso politak izaten dira, auzokoak elkartzera eta gure artean partekatzera eramaten gaituzte eta", dio Oromiñoko Jai Batzordeko Iraide Iriondok. Azken euskal eztegua 2017an egin zuten. Baina COVID-19agaitik urtebete atzeratu dute.