“Ortuari dagokion guztia elkarregaz planifikatzen dugu”

Aitziber Basauri 2023ko mar. 20a, 08:38
Haira Urkijo eta Mikel Gandarias

Orain urte bi Iurretan sortu zuten ortu komunitariokoek ate irekien jardunaldia antolatu dute martxoaren 26rako,11:00etan ekimena ezagutarazteko. Halaxe azaldu dute Haira Urkijo Goienetxeak (Durango, 1993) eta Mikel Gandarias Jaiok (Durango, 1991). Talde lanak bereizten du sasoiko produktu ekologikoen ortu komunitario hau. Asteko lana domekan antolatzen dute, eta hile birik behin batzartu egiten dira, erabakiak hartzeko. Proiektura batu gura duenak gureortue@gmail.com helbidera idatzi dezake. 

Zein ezaugarri ditu zuen ortuak?
Mikel Gandarias: Denon artean lantzen dugun ortua da gurea, ez dago partzela txikietan zatituta. Horrek bereizten du. Ortuari dagokion guztia elkarregaz planifikatzen dugu eta uzta ere denok batera batzen dugu. Familia unitateetan funtzionatzen dugu eta baratzean hilean 10 ordu lan egiteko konpromisoa hartzen du bakoitzak. Hilean 10 euroko kuota finkoa ordaintzen dugu, eta hileroko gastuak estaltzeko diru kopuru bat ipintzen dugu aparte. Bakoitzak, astero, landutako produktuen otzara bat darama etxera. 

Zelan batu zineten proiektura?
Haira Urkijo: Patxikobaso baserriko Monikak eta Urdazpalek bultzatuta sorturiko proiektua da, Ingalaterran ezagutu eta hona ekarritakoa. Horretarako bideratu zitekeen lursail bat zuten, eta proposamena zabaldu zuten. Horrela batu ginen.

Zein helburugaz?
M.G.: Denok astero uzta batzea, etxera otzara eramatea. Horixe dugu helburu amankomuna. Hortik ekinda, bakoitzak bestelako helburu propioak izan ditzake. Naturagaz, lurragaz, berriro konektatzeko batu dira batzuk; beste batzuk ikasteko, baserriko mundua apur bat ezagutzeko; eta talde dinamika batean parte hartu eta jende berria ezagutzeko batu direnak ere badaude. Dena dela, helburu praktiko batek batzen gaitu: asteroko otzara aurrera ateratzea; horretarako lan bat egin behar dugu.
H.U.: Gainera, kontsumitzeko beste modu bat sustatzea eta autosufizienteak izatea lortzea da proiektu hau sortzeko helburu nagusia hasieratik. 

Martxoaren 26an, ortua ezagutarazteko jardunaldia egingo duzue.
H.U.: Bai, eta ortu honetan parte hartzeko aukera ere zabalduko dugu. Ortuak 2.000 metro koadro ditu eta 35 familia unitategaz ere bideragarria izango litzateke. Gure ustez, horixe da gehienezko kopurua. Hortik gora, beste ortu bat sortzeko aukera aztertu daiteke. Dena dela, eredu hau beste leku batzuetara ere zabaldu daiteke.
M.G.: Jende gehiagok parte hartzeko ere ematen du lurrak. Gainera, ohartu gara talde eredu honetan errazago ateratzen dela aurrera ortua, norberak berea bakarrik baino. Zenbat eta familia gehiago,orduan eta produktiboagoa izango da, eta lan indar handiagoa izango dugu.

Jendea proiektura batu dadin, zeintzuk abantaila nabarmenduko zenituzkete?
H.U.: Esandakoaz gainera, etxeko sukaldera bertoko produktu ekologikoa eramateko aukera dugu, norberak eta taldeak mimo guztiz ekoizturiko produktua. Gainera, elikagai desberdinak probatzeko eta prozesu guztia ikusi eta jarraitzeko aukera dugu. Beste abantaila bat, zer esanik ez, bertako barazkien zaporea!
M.G.: Bestalde, pribilegio bat da horrelako leku bat izatea, nekazariaren jakintza osoa partekatzeko aukeragaz. Gainera, talde harreman ona mantendu eta sustatu gura dugu, eta ekitaldiak antolatzen ditugu horretarako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!