Iurretako udal idazkari ohiaren kargugabetzea inpugnatu du Auzitegi Gorenak

Anboto 2023ko mar. 10a, 13:53

2020ko martxotik irailera, Iurretako Udalean kargua bete zuen idazkariak berriro lanera bueltzako eskubidea duela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak. EH Bilduk azalpenak eskatuta, udaleko zerbitzu teknikoek ebazpenari errekurtsoa jarri aztertzen ari direla azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak gaur egindako ez-ohiko udalbatzarrean. Martxoaren 29ra arte du udalak horretarako aukera. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren foru dekretuaren kontra Iurretako Udaleko idazkari ohiak aurkeztutako errekurtsoa onartu du EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak. Hartara, inpugnatu egin du Iurretako udal idazkariaren funtzioak Zornotzako udal idazkariarenarekin pilatzea baimentzen zuen foru dekretua; lanean zegoen udal-idazkariaren kargu-uztea ere baimentzen zuen dekretuak. Kargua uztera behartutako udal idazkariak 2020ko azaroan aurkeztu zuen errekurtsoa. 

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du 2020 martxotik irailera bitartean Iurretako udal idazkaria izan zenak eskubidea duela berriz bere lanpostura bueltatzeko, "ekar ditzakeen ondorio ekonomiko guztiekin, kargua uztera behartuta egon zenetik, eta berandutzako-interesak barne". Era berean, auzitegiak ebatzi du prozesu-kostuak udalak ordaindu behar dituela.

Errekurtsoa jartzea aztergai

EH Bilduk ebazpen honek izango dituen ondorioen inguruan galdetu dio Iñaki Totorikaguena alkateari, eta udalak errekurtsoa jarriko duen argitu dezala. Era berean, udal idazkaria izan zenarekin berba egin duen galdetu diote. Totorikaguenak erantzun du ebazpena ez dela irmoa, eta udal zerbitzuak errekurtsoa jarri edo ez aztertzen diharduela. "Epaia irmoa ez den heinean horrek ekarriko dituen ondorioetaz berba egiteak ez du zentzu handirik. Legearen arabera eman genituen pauso guztiak eta ebazpenaren eraginak zeintzuk diren ez dakigu, erabaki irmoa den ala ez jakin arte".

EH Bildu: "Ezkutuan hartutako erabaki aldebakarra"

EH Bilduko Liher Aiartzaguenaren berbetan, "diru askori buruz ari gara, eta ez dugu sinisten horren inguruko kontuak egin ez direnik. Nork ordainduko ditu balizko kostu ekonomikoak?". Gaineratu dutenez, "Gainontzeko taldeen iritziaren kontra alkateak hartutako erabaki batu buruz ari gara. Argi esan genuen ez gengozela ados. Ezkutuan hartutako aldebakarreko erabakia izan zen eta ez dugu uste denok ordaindu behar dugunik".

Alkatearen berbetan, "udalaren interesen alde" hartutako erabakia izan zen, "prozedura guztia jarraituz eta txosten tekniko guztiekin egin zen eskaria Bizkaiko Aldundian". Eta gogoratu du tokiko administrazioan erabaki batzuk alkatearen eskumena direla eta beste batzuk udalbatzarenak. "Ebazpen administratibo guztiak errekurritu daitezke, eta denek dute eragin ekonomiko bat. Baina, epaia irmoa denean jakingo dugu zenbatekoa den". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!