Zein da ekimen honen sorburua?
Habi Datou: Malin egiten dugun moduan, Martxoaren 8a hemen ere ospatu gura dugu Fasoden elkartetik. Aurten Iurretan antolatzea erabaki dugu. Lehenengoz ospatuko dugu Iurretan eta Durangaldean. Eskerrak ematen dizkiogu udalari laguntzagaitik.
Marian Traore: Munduko emakume guztientzat egun garrantzitsua da eta gura duten denak Askondoko aterpera gonbidatzen ditugu. Etorri daitezela ikustera eta parte hartzera. Guretzat horixe da inportanteena.
16:00etatik aurrera argazki erakusketa bat egongo da ikusgai. Zelako argazkiak dira?
H.D.: Emakume biri buruzko argazkiak egongo dira erakusketan. Aoua Keita da bietariko bat. Afrikako lehenengo emakume diputatua izan zen, 1958an. Lan handia egin zuen Maliko emakumeen eskubideen alde eta gizarteko beste hainbat arlotan. Oso pertsona garrantzitsua da. Argazkien bitartez ezagutarazi gura dugun bigarren emakumea Mariam Kaidama Cisse da. Maliko lehenengo emakumezko lehen ministroa izan zen 2011n. Hau ere figura inportantea da guretzat. Euren gaineko azalpenak emango ditugu: Nortzuk ziren, zer egin zuten...
M.T.: Emakumeek kargu inportanteak bete ditzaketela erakutsi zuten.
Zuentzat garrantzitsua da Malin emakumeen eskubideen alde aritu direnak ezagutaraztea?
Rokiatou Doucoure: Bai. Askotan jendeak uste du emakume afrikarrok etxean geratzen garela, gizonak baino ez direla kanpora irteten lan egitera, eta ez dugula ezer egiten. Baina ez da horrela. Ez gara etxeko andreak bakarrik. Afrikan ere emakumeak aspalditik dabiltza eskubideen alde eta kongresuetan edo beste toki batzuetako postu inportanteetan borrokan. Alde horretatik, ezjakintasun handia dago.
18:00etan 'Mousso Ka Do' izeneko ikuskizuna hasiko da. Izenburu horrek zer esan gura du?
M.T.: 'Emakumearen eguna' esan gura du gure hizkuntzan. Martxoaren 8a dela-eta antolatu dugu ekimena eta horri egiten dio erreferentzia.
Eta zertan datza?
M.T.: Maliko dantza tradizionalak erakusteko ikuskizuna da. Yembé batek hainbat erritmo ipiniko du eta erdigunera irtengo gara txandaka, banan-banan edo binan-binan, erritmo horiek dantzatzera. Ez da koreografia bat. Natural datorkigun zerbait da, odolean daramagu. Inprobisaziotik nahikotxo duenez, ez daude ikuskizun berdin bi. Ikuskizun bakoitza bakarra izaten da.
R.D.: Malin hainbat kultura dago, eta bakoitzak bere dantzak ditu, eta dantza mota asko egingo dugu.
H.D.: Guztira, 40 bat emakumek parte hartuko dugu. Seme-alabak eta abar batuta, 80 bat batuko gara. Denak ez dira Durangaldekoak; Bilbotik eta beste toki batzuetatik ere etorriko dira.
H.D.: Arropari dagokionez, beren-beregi Martxoaren 8ra begira diseinaturiko arropa da. Diseinu asko dago eta urtetik urtera aldatu egiten dira; aurten urdin koloreko arropa da. Gehiengoak diseinu eta kolore horixe aukeratu du bozketa bidez. Malin egindako arropa da. Malin diseinatu eta landu dute, eta handik ekarri dugu.
M.T.: Maliko janaria probatzeko aukera ere egongo da. Mokadutxoak aterako ditugu, batez ere hemengo jendeak Maliko janaria dastatu dezan.
Malin zein egoeratan daude emakumeen eskubideak zuen ustez?
H.D.: Oraindino asko dago egiteko. Baina, apurka, emakumeak geroago eta independenteagoak dira. Ez dira etxean geratzen. Komertzioetan eta administrazioko postuetan lan egiten dute eta ikasketak egiten dituzte. Beraz, pausoak ematen dabiltza beste toki batzuetan lez.
Zeintzuk dira Fasoden elkartearen helburuak? Zer egiten duzue urtean zehar?
M.T.: Hainbat zeregin dugu. Alde batetik, hona datorren jendeari agiriak edo izapideak egiten laguntzen diogu. Bestetik, urtean zehar ekintzak egiten ditugu. Esaterako, iaz Munduko Arrozak ekimeneko antolaketan ibili ginen Iurretan, eta oso ondo irten zen. Gustura gaude izan zuen harreragaz. Aurretik, Durangon ere egin ditugu gauzak; deitu izan digutenean, ekimenetan parte hartu dugu. Gure helburua Maliko kultura zabaltzea da. Euskal Herrian Maliko komunitate nahiko handia dagoela esango nuke. Gure elkartean 150 lagunetik gora gaude. Gainera, gurea ez da lehenengo elkartea. Lehenengoa Bilbon sortu zuten.