Hibai Etxebarriak abiatuko du Iurretako 'Auzorik Auzo' kultur egitaraua

Anboto 2023ko mar. 1a, 12:08

Musika herriko auzo eta ermitetara eraman guran jaio zen 'Auzorik Auzo' ekimena duela zazpi urte. Oraingo honetan, Hibai Etxebarria, Inun eta Esti Marquez etorriko dira Iurretara. Kontzertu guztiak, 18:00etan hasiko dira.

'Auzorik Auzo' kultur egitaraua abiatuko du Hibai Etxebarria musikari gernikarrak, zapatuan, martxoaren 4an. Harizko zubiak bere azken lana aurkeztuko du Goiuria ermitan. Leire Pikabea biolinean eta Eñaut Zubizarreta biolontxeloan lagun dituela eskainiko du kontzertua. Ukraina eta Euskal Herria artean grabatutako lana da Harizko Zubiak, eta soka-talde batekin batera interpretatzeko moldaturiko kantu sorta biltzen du.

Mikel Inuntziaga 'Inun' musikari zornotzarrak emango du kontzertua, martxoaren 18an. San Marko auzoan eskainiko duen emanaldirako "zuzeneko fresko eta dinamikoa" prestatu du, azaldu dutenez. Sormena eta euskara ardatz hartutako sortutako kantak eskainiko ditu. 

'Auzorik auzo' egitaraua borobiltzeko Esti Markez abeslari gipuzkoarra gonbidatu dute. Udazkenean aurkeztu zuen bere bakarkako lehen diskoa, Hitzekin jolasean. Berak sortutako musika eta letrekin osatutako lan hori erakutsiko du, apirilaren 1ean, Amezketa auzoan. Pop-rock doinuak nagusi diren arren askotariko estiloekin jolastu du Markezek, eta zuzeneko kontzertuetarako Dánae Riaño, Iker Lauroba eta Josu Erviti ditu lagun. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!