Iurretako Udalak apirilean hasiko ditu Etxego inguruko urbanizazio lanak

Anboto 2023ko ots. 23a, 08:00

Urbanizazio lanak lizitatzeko prozesua hasi du udalak, 137.366 euroko aurrekontuagaz. "Espazioa hobetu eta gazteleku gisa bultzatzeko" helburuagaz Etxegon egiten ari diren eraldaketaren barruan urbanizatuko da inguru guztia, udal arduradunek azaldu dutenez.

Iurretako Udalak aurreikusi du apirilaren erdialdean hastea Etxego ingurua urbanizatzeko lanak, eta horretarako lizitazio prozesua hasi du. Orobiogoitia institutuaren alboan kokatutako eraikinak 199, 21 metro koadro ditu; horri gehitu behar zaio alboan dagoen 1.600 metro koadroko lurzatia. Etxego, IU! Gazte udal erakundearen egoitza da 2018tik. Urbanizazio lan hauek Etxego eraldatzeko prozesuaren barruan daude, "espazio hobetu eta gazteleku gisa bultzatzeko", argitu dutenez.

Proiektuan prozesu parte hartzailean batutako ekarpenak jaso dituzte, ohar batean azaldu dutenez. Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, “bere garaian parte-hartze prozesu bat egin zen IU! Gazteren erabiltzaileen artean, eta kanpoko espazioa egokitzea eskatu zuten, hainbat jarduera egin ahal izateko eta udalerriko gazteenen topaleku izateko”. Bestalde, Etxegoko ingurune urbanizatuan mugimendu-erronkak egin ahal izatea eskatu zen. Hori kontutan hartuta, hainbat funtzio izango dituzten altzariak jartzea aurreikusi dute, hormigoiz eraikiak: esertzeko, skatearekin jarduteko, jolaserako espazioak banatzeko... 

Udal arduradunek azaldu dutenez, hainbat neurritako egonlekuak ere diseinatu dira, hexagono-formako jarleku-multzoen bidez. "Eremu horrek zola berezia eta mistoa izango du (hormigoizko sareta eta soropila); eta, lehendik dagoen lorategia handituko du, berdeguneen higadura saihesteko hormigoizko zoladura jarriz", zehaztu dutenez. Hori inguru hurbileko urbanizazioko eskaileretatik konektatuko dela esan dute eta zolatu mota bera izango du.

Inguru hori oinezkoentzako eremu bihurtu zuen udalak 2020an. Bertoraino zihoan bidea eta frontoiaren alboko aparkalekua kendu zituzten, "espazio lasaiago bat irabazteaz gain, oinezkoen segurtasuna hobetuz", oharrean gogoratu dutenez. 

Proiektuak hormigoi armatuzko harmailadi bat jartzea ere jasotzen du, iparraldeko fatxadari atxikia. "Horren aurrean espazio diafano zabala egongo da, kanpoan arte-erakustaldiak egiteko eta gazte-taldeen elkargune gisa erabili ahal izateko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!