Bizitzaren zikloak azpimarratzen dituen 'Vida' txotxongilo ikuskizuna, Iurretan

Anboto 2023ko ots. 10a, 09:30

Iurretako Antzerkia Bultzatuz egitarauaren barruan lehenengo hitzordua izango da, gaur, 19:00etan. 

Bikote bat maitemindu egiten da. Ume bat dute. Hazitakoan, umea badoa etxetik. Bikotea, ostera, bakarrik geratzen da eta elkarren ondoan zahartzen dira biak. Pertsonaiak behin eta berriro jaio, hazi, ugaldu eta hiltzen dira; bizitzaren zikloa errepikatzen dute Vida antzezlanean. Hain zuzen ere, denboraren joan-etorri hori islatu gura du Javier Arandak bere obra honetan. Eta hori txotxongiloen mugimenduekin egiten du, esku biekin eta eskuekin sortzen duen unibertso eta emozioekin. 

Javier Aranda aktorea eta txotxongilolaria da. Zaragozako (Espainia) Antzerki Eskolan ikasi zuen eta orain hamarkada bi baino gehiagotik dabil lanean. Besteak beste, Teatro del Temple, Argbolé, eta Gayarre konpainietan lan egin du eta hainbat film luze eta laburretan parte hartu du. Konpainia propioa 2015ean sortu zuen, aktore eta objektu manipulatzaile lanak uztartzeko. Vida lanak tamaina txikiko ikuskizunik onenaren saria jaso zuen 2018an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!