Saharako errefuxiatuentzako kilo bat elikagairen truke liburu bat emango dute Iurretan

Anboto 2023ko ots. 9a, 12:35

Elikagai kilo bat errefuxiatuentzat, liburu bat zuretzat!  lelopean kanpaina abiatu dute Iurretan, bigarrenez. "Tinduf-eko errefuxiatuen kanpamenduetan pairatzen duten elikagai falta asetzeko, ahalik eta elikagai gehien batzea" du helburu Iurretako Udalak, eta otsailaren 17ra arte iraungo du.

Durangaldeko Elkartasun Karabana bultzatzeko kanpaina berezia abiatu dute Iurretan, Elikagai kilo bat errefuxiatuentzat, liburu bat zuretzat lelopean. Ekimen honen helburua da, konpresa-paketeak eta lekaleak, atun-latak, sardina-latak eta olio-litroak elikagairen truke, liburu bat trukatzea. Modu horretan irakurzaletasuna bultzatzea ere lortu gura dute, udal arduradunek azaldu dutenez. Bildutako elikagaiak Rio de Oro Durangaldea GKEra bideratuko dira. Trukatzen diren liburuak erakundeek eta partikularrek Herri Bibliotekari egindako liburu dohaintzetatik datoz.

Saharako errefuxiatuentzat elikagaiak batzeko kanpaina otsailaren 6an hasi zuen. Eta, aurten bi modutan lagundu ahalko da. Elikagaiak dohaintzan emanda, eta dirua Bizum bidez bidalita. Azken honi dagokionez, 4, 8 edo 12 euroko ekarpenak jasoko dituzte, kopuru horiekin, gero, elikagaiak erosteko. Rio de Orok azpimarra berezia egin dio aurten batuko duten elikagaien izaerari.

Transferentzia egiteko kontu korrontea honako hau da: ES90 3035 0129 11 1290034483 (Laboral Kutxa). Bizum ekarpena egiteko, berriz, honako hau egin beharko da: Bizum aplikazioan sartu, sakatu eman, eta Rio de Oro Durangaldea bilatu. Kodea honako hau da: 01955.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!