Rio de Orok astelehenean hasiko du Karabana Solidarioa elikagaiz betetzeko kanpaina

Anboto 2023ko ots. 2a, 14:22

Aurtengo kamioia aurreko edizioetakoa baino txikixeagoa dela eta, elkarteak nutrizio-balio handiko elikagaiak jasoko ditu: atun-latak, oliba-olioa, lekaleak eta sardina-latak. Horrez gainera, ekarpen ekonomikoak jasoko dituzte, diruarekin elikagaiak erosteko.

Río de Orok dena dauka prest Karabana Solidarioaren edizio berri bati ekiteko. Saharako errefuxiatuentzat elikagaiak batzeko kanpaina otsailaren 6an hasiko dute, datorren astelehenean.  Aurten bi modutan lagundu ahalko da. Elikagaiak dohaintzan emanda, eta dirua Bizum bidez bidalita. Azken honi dagokionez, 4, 8 edo 12 euroko ekarpenak jasoko dituzte, kopuru horiekin, gero, elikagaiak erosteko. Rio de Orok azpimarra berezia egin dio aurten batuko duten elikagaien izaerari. Aurtengo kamioia aurreko urteetakoa baino txikiagoa dela eta, elkarteak balio nutrizional handiko elikagaiak bakarrik batzea erabaki du. Atun-latak, oliba-olioa, lekaleak eta sardina-latak. Horrez gainera, konpresak ere batuko dituzte. Elkarteko kideek adierazi dutenez, "inflazioak eta Marokoren aurkako gerrak ezinezko bihurtu du familia askorentzat behar bezala elikatzeko gaiak eskuratzea". Horiek horrela, "Elikagaien Mundu Programako eta Gurutze Gorriko arduradunekin gaia jorratu ondoren", produktu zehatz horiek batzea erabaki dute.

Ekarpenak zelan egin

Rio de Orok azaldu duenez, elikagaien bilketa astelehenean hasi eta otsailaren 17an amaituko da. Denbora tarte horretan, herritarrek Durangoko ikastetxe guztietara edo Aramotzeko zein Alde Zaharreko Eroski supermerkatuetara jo ahalko dute dohaintzak egitera. Berrizko komertzioetan ere badago ekarpenak egiteko aukera. Ekarpen ekonomikoei buruz, honako hau: banku-transferentziak edo Bizum ekarpenak onartuko dituzte. Edozelan ere, jasoriko diru guztia elikagaiak erostera bideratuko dute. 

Transferentzia egiteko kontu korrontea honako hau da: ES90 3035 0129 11 1290034483 (Laboral Kutxa). Bizum ekarpena egiteko, berriz, honako hau egin beharko da: Bizum aplikazioan sartu, sakatu eman, eta Rio de Oro Durangaldea bilatu. Kodea honako hau da: 01955.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!