Iurretan gaur arte gordeta egon dira 150 urtetik gora dituzten eta euskaraz idatzita dauden 539 sermo

Aitziber Basauri 2022ko abe. 19a, 08:30

Urteetan kutxa batean gordeta egon ondoren, 150 urtetik gora dituzten eta euskaraz idatzita dauden sermoiak ordenatu eta sailkatu ditu Antton Mari Aldekoa-Otalora iurretarrak.

Guztira, 539 sermoi sailkatu ditu, elizaren liturgia-urtearen arabera. Hiru kenduta, beste guztiak euskaraz idatzita daude. XIX. mendeko agiriok Orozketako abadetxea lez ezaguturiko eraikinean gordeta egon dira gaur egunera arte. Sermoi bakoitzeko orrialdeak hariz josita gorde dira. Denera, 3.790 orrialde daude. 

Orozketan jaiotako Leandro Zelaieta Ybarra elizgizonak (1852- 1916) idatzitakoak dira sermoirik gehienak. Baina badago Leandroren osaba Frai Carlos Antonio Celayetaren sermoi bat ere. Aipatzekoa da Carlos Antonio Celayeta eta Juan Antonio Celayeta anaia frantziskotarrek Orozketako ermita berriztatu zutela 1866an. Orain lau urte heldu ziren agiri hauek Aldekoa-Otaloraren eskuetara, Juan Thomas Zelaieta Hormaetxeak Leandro semearentzat eraiki zuen Orozketako etxean gordeta egondakoak. Eta Aldekoa-Otalorak Labayru Fundaziora eraman zituen. Hala ere, berriro hartu eta koaderno batean sailkatu ditu.

Leandro Zelaietaren biografia labur bat ere osatu du. Orozketara etorri aurretik, Gasteizko katedraleko koruaren zuzendaria izan zen, eta musikaria ere bazen. "Gizon jantzia izan zen, euskaraz idazten zuena. 1891n, Iurretan Euskal Lore Jokoak antolatzekoak ziren urtean, Zelaieta, Jose Mari Ampuerogaz, Balbino Garitonandiagaz, Jose Mari Bernaolagaz, Bartolome Ertzillagaz, Arrese Beitiagaz, Resurección María de Azcuegaz eta Sabino Arana Goirigaz elkartu zen, besteak beste", dio Aldekoa-Otalorak. Iurretarraren lana Labayrun dago eskuragarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!