Iturburu eta Eleixaldeko espaloiagaz jarraitzeko 300.000 euroko inbertsioa egingo dute Iurretan

Anboto 2022ko abe. 1a, 17:19

Iurretako Udalak 6.696.811 euroko udal aurrekontua izango du 2023an. Inbertsiotarako 845.000 euroko diru poltsa lotu dute, eta bi dira garatu gura dituzten egitasmo nagusiak: Iturburu eta Eleixalde eremuko espaloiarekin jarraitzea, eta Etxego gaztelekuaren ingurua urbanizatzea. EAJren botoekin onartu ziren udal kontuak atzo. EH Bilduk kontra bozkatu zuen. 

Iurretako Udalak 300.000 euroko inbertsioa egingo du Iturburu eta Eleixalde eremuko espaloiarekin jarraitzeko. Espaloi hori Deabruaren Zubia zegoen tokian eraikiko duten pasabidearekin lotuko dute. Horretarako alboan semaforoa duen zebrabide bat jarrita. Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da azken lan horietaz.  Bestalde, Etxego gaztelekuaren ingurua urbanizatzeko 150.000 euro erabiliko dituzte.

KPIaren araberako zerbitzuen igoerak ere eragin du 2023ko udal aurrekontuan. Hartara, gastu arrunten kapitulua, oro har, %20ko igoko da. Gainera, kale garbiketarako zerbitzua beste langile batekin indartuko dute datorren urtean. Garbitasunerako maiztasunak ere hobetuko dira, eta zerbitzuko ibilgailuak elektrifikatu. Energia elektrikoaren hornidurak ere eragin du atal horretan: aurtengoarekiko %50eko igoera kalkulatu dute.

Udalak Hiri-antolamenduko Plan Orokorrea (HAPO) berrikuspenagaz jarraituko du, eta Ibarretxe kultur etxean energia berriztagarriak eta autokontsumo elektrikoa ezartzeko proiektuari eutsiko dio. Halaber, aurrekontu parte-hartzaileetarako diru-poltsa bere horretan mantenduko dute. Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, " arlo honetan, mugikortasun seguru eta iraunkorra izango duen udalerri irisgarria lortzeko lan egingo da, lurraldeari dagokionez zein sozialki kohesionatua". Era berean, "jasangarritasun energetikorako urratsak" emango dituzte.

Kultura eta esparru soziala

Esparru soziokulturalean, jarduera nagusiek bere horretan jarraituko dute, bai kultur etxean bai liburutegian elkarte-sarearekin eta ikastetxeekin "lankidetza estuan", alkateak azaldu duenez. “Guzti horiek apostu sendoa dira pertsona guztiek kultura eta hezkuntza inklusiboa, bidezkoa eta kalitatezkoa izan dezaten bermatzeko", gaineratu duenez. Ildo horretan, eta EH Bilduk proposatuta diru-laguntza izendunak %2,5 handitzea onartu dute.

Arlo sozialari dagokionez, "arlo guztietan desberdintasunak murrizteko, eta, osasuna eta ongizatea sustatzeko" lan egin gura du udalak. Datorren urte hasieran Nagusien Etxea berrituko da eta taberna zerbitzua esleituko da berriro. Horregaz lotuta, "egoera bereziki ahulean dauden adinekoentzako" janari-zerbitzu berri bat probatzea aurreikusi da.

EH Bildu: "Anbizio eta luzera begirako proiektuak behar ditugu"

EH BIlduk aurrekontu proposamenaren kontra bozkatu du. Liher Aiartzaguenak arrazoitu duenez, "anbizio eta luzera begirako proiektuak behar ditugu, benetan hobetzeko iurretako biztanleen bizi kalitatea. Eta, ez partxeak edo itxura zaintzeko politikak, hauteskundeei begirako estrategia hutsak". Gaineratu duenez, "anbizioz eta umiltasunez, eta denon artean eraikitako benetako aurrekontuak" gura ditu EH Bilduk, "eta aurrekontuan aurreikusitakoa gauzatzeko konpromiso serio eta arduratsuak". 

Aiartzaguenak azaldu dudenez, "2020tik hona lotutako partida batzuk ez dira gauzatu. Beste batzuk erremanentea erabiliz egin dira, beranduago eta opozisioarekin berba egin gabe". Horrekin oso kritiko azaldu du EH Bildu. Era berean , gogoratu du iaz energia plan bat egitea eta errepide nazionalaren inguruan hausnarketa sakon bat egitea proposatu zutela. Horretaz ez dutela berba egin salatu dute. 

Zerga eta tasak izoztuko dituzte 

Beste alde batetik, udalak erabaki du datorren urteko zerga eta tasak izoztea. Alkatean berbetan, “zergen helburu nagusia da gure eskumeneko gastu eta zerbitzu publikoei eusteko beharrezkoak diren diru-sarrerak lortzea. Inflazioa eta gastuaren igoera orokorraren gorabehera, gastu arrunten eta diru-sarrera arrunten arteko orekari eutsi ahal izango diogu 2023an, zergak eguneratu beharrik gabe”.

Zerga eta tasak ez igotzea ahalbidetzeko udalak erabaki du 2005ean bide azpiegituretan egindako inbertsioen ondoriozko zorra aldez aurretik amortizatzea. Horretarako Bizkaiko Fopru Aldundiaren Herriak Egiten aparteko ekarpeneko 230.00 euroak eta gerakinetatik eratorritako 105.000 euroak erabiliko ditu. Udal talde guztien babesa izan du erabaki horrek. Hartara, "aurrekontu-oreka hobetu" ahal izan du udalak, eta 2023an garatu gura dituzten proiektuetarako inbertsio-ahaleginari eusteko aukera izan dute, alkateak azaldu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!