'Goiuria ikastola auzolan baten kronika' liburuak irabazi du Iurretako Sormen Beka

Anboto 2022ko aza. 22a, 10:23
Markel Onaindia, Kristina Mardaras eta Justo Alberdi saria jasotzen.

Apirilean sortu zuen Iurretako Udalak 'Sormen Beka Iurreta' dirulaguntza, kultur sorkuntza bere modalitate guztietan sustatzeko; baita Iurretako ondare historiko eta kulturalarekin lotura duten eta garrantzi berezia duten proiektuak ere. Lehenengo edizio duen beka 'Goiuria ikastola auzolan baten kronika' liburuak irabazi du, 6.000 euroko dirulaguntza lortuz.

'Literatura eta Ilustrazio Lanak' sailaren barruan aurkeztutako proiektuak Kristina Mardaras, Justo Alberdi eta Markel Onaindia izan ditu buru. Goiuria Ikastolaren historia kontatzen du 'Goiuria ikastola auzolan baten kronika' liburuak. "Euskarak batu zituen herritar talde baten talde-lanari esker nola sortu zen Gouria ikastola, gaur egun Iurretako kultur ondare eta elkarte topagune izaten jarraitzen duena", udal ordezkariek azaldu duten moduan.

Bestalde, 'Ilunetik argira' dokumentala sortu du Markel Onaindiak liburuagaz batera, Durangoko Azokan estreinatuko dena. Iurretarren artean zabaltzeko bi emanaldi programatu dira, abenduaren 20an eta 22an, 18:30ean, Ibarretxe Kultur Etxean. Sarrera doakoa izango da eta aldez aurretik izena eman beharko da kultur etxera joanez, kultur-etxea@iurreta.eus helbidera idatziz edo 946200888 telefono zenbakira deituz.

Iurretako Udalak irabazleak zoriondu ditu, "egindako lan bikaingatik". Era berean, 'Sormen Beka Iurreta'ren hurrengo deialdietan parte hartzera animatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!