Maiztegi eskolaren eraikinaren sarrera nagusiko estalki nagusia eta ataripea (teilak, gailurra, limak...) ordezkatuko dira, udal arduradunek azaldu dutenez. Obra horiekin batera, estalkia iragaizteko eta euri-urak husteko elementuak ordezkatzeko lanak ere egingo dira.
Bestalde, zentroa hornitzeko energia elektrikoa sortzeko, panel foltovoltaikoen instalazio osoa egingo da, eguzkitik datorren energia kontsumorako energia elektriko bihurtzeko. "Maiztegin 54 eguzki-modulu jarriko dira, inolako motorrik edo alternadorerik gabe eta hondakinik sortu gabe, energia elektrikoa sortzeko eguzki-argia erabiliko dutenak", zehaztu dutenez.
Iñaki Totorikaguena alkateak ohar batean azaldu duenez, "instalazio honekin Maiztegiko eskari elektrikoaren %36 beteko da, sarearen hornidura nabarmen murriztuz eta urtean 4,7 tona CO2 isurtzea saiheztuz.Gainera,estalkia berrizteak energia eraginkortasuna ere hobetuko du”. Lanek 227.000 euroko aurrekontua dute.