Iurretako Jubilatuen Etxea eraberritzeko lanak hasi dituzte

Anboto 2022ko urr. 5a, 12:42

Jubilatuen Etxe berrituaren infografia bat.

Iurretako Jubilatuen Etxea "adinekoen egungo premietara egokitzeko" eraberritze lanak hasi ditu udalak. Lanotan 160.000 euro inbertiduko dituzte.

Batetik, Goiuriko Ama nagusien elkartearen bulegoak berrituko dituzte eta, bestetik, kafetegiko barra, sukaldea, jantokia, biltegia eta hainbat zerbitzutarako lokal bat; 273 metro koadro guztira. Irisgarritasuna hobetzeko traba arkitektonikoak kenduko dira, altzariak aldatu eta seinaleak hobetu. 

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "zentroa adinekoen egungo beharretara egokitzea da helburua. Batzordearekin batera egin dugu lan, eta egin beharreko jardueren artean, aintzat hartu ditugu Goiuriko Ama adineko pertsonen elkarteko batzordeko ordezkariek egindako proposamenak, horrek proiektua aberastu duelarik".

Iurretako adinekoen etxea udalerriko pertsona askoren topagunea da jarduerak burutu eta espazioa eta aisialdia partekatzeko. Horregaitik, lana amaitu artean, gune bat egokituko dute Goiuria kulturgunean, bariku, zapatu eta domeketarako. "Badakigu obrek deserosotasuna sortzen dutela erabilera handiko gunea delako, horregatik ahalegindu gara hilabete hauetarako behin-behineko konponbidea ematen arazoari", argitu du Totorikaguena. Lokala irailaren erdialdean itxi zen, altzariak eta tresnak kentzeko lanak egin ahal izateko.

Lokal berria 2023ko urte hasieran izan gura dute prest udal arduradunek. "Lokal modernoa eta erosoa izan nahi dugu, bai ohiko erabiltzaileentzat, bai noiznahi hurbildu nahi dugun bizilagun guztientzat", adierazi du Totorikaguena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!