"Jai zoragarria izango da, iurretar guztiak gonbidatzen ditugu Senegalgo kulturan murgiltzera"

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 5a, 10:30

Fatou Diarisso eta Seynabou Sane Iurretako And Bolo elkarteko kideetariko bi dira. Zapatuan Senegalgo kulturan murgiltzeko jaialdia egingo dute Askondon. Ez dira dantzak, erakusketak eta Senegalgo gastronomia dastatzeko aukera faltako. Jaia egiteko eta elkar ezagutzeko ateak zabal-zabalik daude Iurretan.

Senegalgo doinuak, gastronomia eta kultura ezagutu gura dituenak, horretarako aukera ezin hobea izango du asteburu honetan. Iurretako And Bolo elkarteak jaialdi txiki bat egingo du zapatu arratsaldean, Askondon. "Iurretar askok galdetzen digute gure jantziez, gure kulturaz. Badute jakinmina. Bada, zapatuko jaiak horretarako balioko du. Iurretarron artean elkar ezagtutzeko", azaldu du Seynabou Sanek. "Umeek dantza saioa eskainiko dute. Baina horrez gainera, Senegalgo kulturan esangura handia duten elementuak eramango ditugu Askondora. Adibidez, kalabazak. Kalabazak garrantzia handia du gure kulturan. Kalabazari erabilera handia ematen diogu. Besteak beste arroza prestatzeko erabiltzen dugu. Arroza kazuelan sartu aurretik, kalabaza barruan sartzen dugu, garaunak garbitu daitezen. Bestalde, ezkontzetan ere erabiltzen da. Senar-emazteek kalabaza jan ohi dute. Oso elementu inportantea da Senegalen", azaldu du. Horrez gainera, ez dira Senegalgo janari tipikoak dastatzeko eta hango bizimodua ezagutzeko erakusketa faltako. 

And Bolo elkartea 2019an sortu zuten, "Iurretan bizi diren senegaldarrak integratzeko" tresna modura. Elkartea 15 iurretarrek osatzen dute, baina hartu eman handiak dituzte gainerako herrietako kideekin. Durangokoekin, adibidez. "Hemen antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzen dugu. Munduko Arrozen jaialdian, Korrikan zein Martxoaren 8an. Ekitaldi guzti-guztietan egoten gara", adierazi du Seynabou Sanek. Oraingoan ere, jarrera ireki horri eutsi diote elkarteko kideek. Kultura kalera atera eta iurretar guztien gozamenerako ekitaldiak egingo dituzte. "Jai zoragarria izango da, iurretar guztiak gonbidatzen ditugu Senegalgo kulturan murgiltzera", bukatu dute.

EGITARAUA

  • 17:00 - 18:00 Berbaldia eta jantzi tipikoen eta osagarrien aurkezpena.
  • 18:00 - 19:00 Dantza tradizionalak.
  • 19:00 - 19:45 Txirikordak (trentzak) egiteko tailerra.
  • 19:45 - 20:30 Senegaleko produktu tipikoen dastaketa.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!