Ekologistak Martxanek "metano-isuriak" atzeman ditu Arriandiko gas azpiegitura batean

Anboto 2022ko urr. 4a, 13:23

Talde ekologistak kamera infragorriak erabilita "egiaztatu" du "gas kutsatzaile hori atmosferara" bota dela.

Ekologistak Martxan eta Ecologistas en Acción elkarteek hainbat ikerketa egin dituzte Hego Euskal Herriko eta Espainiako estatuko gas azpiegituretan. Prentsa oharrean azaldu dutenez, guztira gasaren banaketarako 21 azpiegitura bisitatu dituzte, eta "metano isuri esanguratsuak" topatu dituzte euretako 10etan. Bat, Durangaldean: Arriandin kokatuta dagoen gas azpiegituran, Ekologistak Martxanek azaldu duenez. Talde ekologistaren arabera, "azpiegitura askok gasaren zati bat askatzen dute" atmosferara, hodi sistemaren "presioa arintzeko". "Erreta" askatu ohi dute, "karbono dioxido modura egin dezan, gaitz txikiagoa, alternatiba metanoa botatzea denean". Baina Ekologistak Martxanen berbetan, "batzuetan, enpresa operadoreek errekuntzarik gabe egiten dute haizatzea, gai kutsatzaile hori atmosferara askatuz". Hori Arriandiko gas transmisio zentroan "egiaztatu" dutela diote. Uztailean egin zuten ikerketa.

Talde ekologisten arabera, metanoak karbono dioxidoak baino gaitasun handiagoa dauka berotegi efektua eragiteko. "84 edo 86 aldiz handiagoa". Era berean, metano bidezko kutsadura "behar bezala arautu barik" dagoela diote. "Europar Batasunak eta estatu kideek neurriak hartu behar dituzte petrolioaren eta gasaren isurketak murrizteko. Badira soluzio politiko erraz eta eraginkorrak industria horietan metano bidezko kutsadura azkar murriztu dezaketenak", argudiatu dute. 

Ekologistak Martxan eta Ecologistas en Acción elkarteek beste leku batzuetan ere topatu dituzte antzera bateko isuriak. Gasteizko azpiegituran euretako bat, eta Espainiako beste hainbat lekutan (Errioxa, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Asturias) ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!