Faben Ituartek Cafés Baqué pilota txapelketako finala jokatuko du barikuan, Iurretako pilotalekuan

Anboto 2022ko urr. 3a, 18:00

Olaburu pilota elkarteko Vallen Calleja, Cafés Baquéko marketing arduradun Iñigo Gutierrez, Iurretako alkate Iñaki Totorikaguena eta Bizkaiko Pilota Federazioko presidente Enaitz Olaeta gaur Iurretan egindako finalen aurkezpenean.

Gaur Cafés Baqué pilota txapelketako finalak aurkeztu dituzte.

Hilabetean kanporaketa faseak jokatu ostean, bariku honetan 35. Cafés Baqué pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. 19:00etan kadeteetakoa hasiko da, Oier Ibarluzearen eta Daniel Sanchezen artean. Ostean, gazteen finala jokatuko dute Lazkaoko Lapke elkartean dabilen Faben Ituarte atxondarrak eta Azpeitiko Ilunpe elkarteko Eneko Odriozolak.

Finaletan ez dago faborito argirik. Ituartek edozeineri irabazi ahal izateko kolpea du, bai botez bai eta airez ere, eta badaki tantoa amaitzen, baina Odriozola ere dohai handiko mutila da. Kadeteetan final bietako nafar bakarrak parte hartu du: Iruñeako Oberena klubeko Daniel Sanchezek. Lazkaoko klubeko Oier Ibarluzea izango du kontrario eta adituek ez dute faborito argirik ikusten.

Txapelketari bultzada

35 urte joan dira txapelketa lehenengoz antolatu zenetik. Hamarkada bitan afizionatuetako erreferenteetako bat izan zen eta Euskal Herri osotik etortzen ziren pilotariak. Gerora, hasierako oihartzun hori galdu zuen eta Bizkaiko pilotarietara mugatu zen.

Aurten, Bizkaiko pilota federazioak eta bere laguntzaileek —Cafés Baqué enpresa eta Iurretako, Abadiñoko eta Mañariko udalak— txapelketa biziberritu gura izan dute. Horrela, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Errioxako txapeldunak eta azpitxapeldunak gonbidatu dituzte. Eurekin batera Bizkaiko zortzi pilotari onenak aritu dira. "Balorazio positiboa egiten dugu. Pilotariak etorri dira eta gustura aritu dira. Etorkizunera begira, berriro ere pilotari gazteentzako txapelketa erreferentea bihurtu gura dugu, Diario Vasco, Biharko Izarrak edo beste txapelketa batzuk diren moduan. Datorren urtean bide beretik lanean jarraituko dugu", adierazi du Bizkaiko Pilota Federazioko presidentea den Enaitz Olaetak finalen aurkezpenean.

FINALAK - URRIAK 7, BARIKUA , 19:00

Kadeteak:

  • Oier Ibarluzea (Lapke) / Daniel Sanchez (Oberena).

Gazteak:

  • Eneko Odriozola (Ilunpe) / Faben Ituarte (Lapke).

NON: Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!