Iurretako San Migel jaiak

“Askatasuna, laguntasuna eta alaitasuna ospatzeko zein aldarrikatzeko kontzertua izango da”

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 26a, 20:00

2006ko ekainean hasi zen dena, parranda giroan. San Juan gau hartan Iurretako Abadetxean egon zirenek behintzat ondo gogoan dute begiekin ikusi eta belarriekin entzunikoa. Iurretako eta Durangoko lagun talde bat Abadetxeko eszenatoki gainean, zer eta Egan erromeria taldearen bertsioak egiten. Xabier Saldiasen beraren pare, jatorrizko Egan taldearen antzera. Baina ardo eta giro alproja gehiagogaz, dena kontatzen hasita. Gau hartakoak marka utzi zuen, eta handik sortu zen Edan, 2011ko sanmigeletara arte Euskal Herriko hainbat bazter dantzan ipini zituen erromeria talde bihurria. Irailaren 30 honetan, taldeak 11 urteko isiltasuna apurtu eta erromeria saio bakar bat egingo du berriro, etxean, Iurretako plazan. Koldo Zarate Onaindia abeslariak eta Endika Blanco Bravo trikitilariak erantzun diete galderei.

2011ko sanmigeletan azken erromeria, egin zenuten, Espuelie. Eta irailaren 30ean Azken ardau dantza egingo duzue, 11 urteko etena apurtuta. Zergaitik itzulera hau?
Koldo Zarate Onaindia: Hamaika urteko etena barik, bederatzi urteko etena izan behar zen hasiera batean, baina izurria dela-eta bederatzitik hamaikara pasatu gara. Kontua da promesa bategaitik bueltatzen garela, Fleuryko (Paris) zulo beltz batean egindako promesa bategaitik. Gure etxeko kide bat han zegoen eta ez zuen Edan sekula ikusteko aukerarik izan. Guk esan genion posible zuenean kontzertu bat emango genuela. Taldekideok berba hori eman genuen. Azkenean, kide haren askatasuna ospatzeko, kontzertua egingo dugu.

Kortaturen antzera, Azken ardau dantza egingo duzue. Argitzearren: azken kontzertua izango da?
K.Z.O.: Bai, bai. Super-super azkena!
E.B.B.: Iragarri dugun moduan azkena izango da, azken-azkena. Egia esan, oso gogotsu gaude. Gure jatorrizko baxu-jotzailea atzerrian bizi da, eta lortu dugu baxua jotzen duen gure lagunarteko beste kide batek bera ordezkatzea. Pozik eta gogotsu gaude denok.

Hamaika urte hauetan, gizartea eta eszena musikala aldatu egin dira. Regetoia, trap musika,... estetika musikal berriak sartu dira Euskal Herrian. Edanen erromeria showa ere gaurkotuta dator?
K.Z.O.: Egia esan, ez (barreak). Sorpresak egongo dira, baina bilatzen duguna da sekula ikusi ez gaituen horrentzat eta gainerakoentzat kontzertu bat ematea eta Edanen esentzia hori mantentzea. Gainera, gu geu ere zaharragoak gara!
E.B.B.: Oinarria betikoa izango da, Egan. Baina, ohiko moduan, bestelako elementu batzuk sartzen ahaleginduko gara. Irudimena lantzen batetik, jolaserako tarte bat hartzen bestetik. Esango nuke zeozer freskoa izango dela, sorpresaz beterikoa. 
K.Z.O.: Show bat izango da. Ez dira faltako performanceak eta gure buruari barre egiteko elementuak.

Musika tresnak, kantuen letrak, trebezia... hamarkada bat geroago zelan dago taldea?
K.Z.O.: Apur bat ugertuta gaude, baina pentsatzen genuen baino gutxiago kostatu zaigu kantei berrekitea. Ondo goaz. Nik abeslari lanak egiten ditudanez, nire kasua erosoagoa dela esango nuke.
E.B.B.: Lehenengo entseguak gogortxoak izan ziren. Kostatu zitzaigun martxa hartzea. Baina, zorionez, gure taldekideen artean bada musikari handi bat: Mikel Nuñez, taldeko teklista. Berak lagundu zion taldeari hasieran, kantak nigaz, trikitilariagaz, baxu-jotzaileagaz eta bateria-jotzaileagaz landuta. 
K.Z.O.: David Mínguez baxu-jotzailea ez egotera, Aritz Maldonadok kantak ikasi behar izan dituela izan da berezitasunik handiena. Hasieran, ikasketa prozesu bat egon da. Xabier Zabala bateria-jotzaileak ere urteak zeramatzan bateria astindu barik. Abestiaren zein puntutan sartu behar genuen, zelan sartu,... horrelako kontuak landu behar izan ditugu. Sekula ere ez gara talde ona izan, alde horretatik ez da aldaketa handirik egongo! Ordu eta erdi eszenatokian, ea zelan irauten dugun. 

Espuelie, Azken ardau dantza, Edanen iruditegian ardoa oso presente dagoen elementu bat da. Zer ematen dio ardoak taldeari?
K.Z.O.: Bai, elementu hori hasieratik dago gure artean. Red red wine abestitik hasita, erromerietan edatearen kontuari segika, ardoa beti egon da hor. Aspaldi, erromerietan joten hasi ginenean bideo bat egin genuen. A Taldea (The A-Team) telesailean oinarrituta, zazpi gazte zorok klandestinitatean bizirik iraun ahal izateko upategi bat ostu zutela kontatu genuen bideoan. Bestalde, kuadrillan ere katxondeo asko egiten genuen ardoaren kontuagaz. Baina, gero, kontua da ez dugula ardo askorik edaten!

Azken asteotan kontzerturako giroa berotu duzue sare sozialetan. Adibidez, zuen Instagram kontuan taldea osatzen duzuenak ageri zarete, euskal musikari garaikideen irudi ikonikoak imitatzen. Bistakoa da Edanen bihurrikeria egiteko gogoa ez zaizuela joan.
E.B.B.: Bai, kontzertua umoretik, irudimenetik, batzen ahalegintzen gabiltza. Taldekideok orri zuri baten aurrean ipini eta zer egin genezakeen pentsatu dugu. Azkenaldian boladan dauden taldeak zeintzuk diren ikusita, haiei keinu bat egitea bururatu zaigu. Beharbada ez dira gure talderik gustukoenak eta kutunenak izango, baina artista handiak dira, oihartzun handia dutenak. Gure kontzertuaren zabalkundea haien bitartez egitea okurritu zaigu.
K.Z.O.: Bestalde, belaunaldi gazteagoagaz konektatzeko modu bat da. Gazteenek beharbada ez dute Kortaturen Azken guda dantza-ko azalari egindako erreferentzia ezagutuko, baina ezagutuko dituzte azkenaldian boladan daudenak. 

Zer diotsue Edan ezagutu ez duten gazteek? Igartzen duzue haien ikusminik?
K.Z.O.: Bai, Iurretan batez ere. Esango nuke Edan mito moduko bat dela Iurretan. Kontzertua emango genuela iragarri genuenean, ikusmina piztu zela igarri genuen. Hor badago jende bat nostalgikoa, gure erromeriak ikusi zituena, eta beste jende bat ere badago, sekula ikusi ez gaituena. Bai, Iurretan igarri dugu ikusmin hori.

Irailaren 30ean etxean sentituko zarete, Iurretako plazan jotzeaz gainera Durangaldeko beste talde bigaz egongo zaretelako: Baske Street Boys (Abadiño) eta Gora Etorri (Durango) taldeekin. 
E.B.B.: Bai, lagunarteko giro hori, familia giro hori, apropos bilatu dugu. Inportantea da guretzat. Baske Street Boysegaz eta Gora Etorrigaz jotzea bada lagunarteko giroa sortzeko bide bat. 

Zer esango zeniekete irailaren 30ean Iurretako plazara etorriko direnei?
E.B.B.: Lehen Koldok aipaturiko promesa aintzat hartuta, askatasuna, laguntasuna eta alaitasuna ospatzeko zein aldarrikatzeko kontzertua izango da aldi berean. 
K.O.Z.: Jendeari esango nioke etortzeko. Azkena izango dela, eta etortzeko, gero ez dezaten kontzertuaren berri tabernan penaz jaso (barrez). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!